Belen Lizaur (erizaina): "Soraluzen oso jende gertukoa eta konfiantza handikoa dago eta hori ez duzu lortzen edozein lekutan"

Ubane Madera Zangitu

Belen Lizaur Madinabeitiak (Oñati, 1962) abenduaren 2an hartuko du erretiroa, baina jai egun eta bestelakoak tarteko, dagoeneko laga dio ia 20 urtez Soraluzeko anbulatorioan izan duen erizain lanpostuari. Bere ordezkoa dagoeneko izendatuta dago. Lizaur erizainak soraluzetarren hiru bat belaunaldi ezagutu ditu. Besteak beste, dio Osakidetzan lan egiteko modua aldatu egingo dela, aurrez aurreko arreta gutxituz. Soraluzeri buruz, berriz, dio "oso oroitzapen ona" eramango duela, "jende jatorra eta lantalde polita" dagoela. 

Ia 20 urte ibili zara Soraluzen erizain, baina lehenago zenbat?

42 urtez. Ibilbide profesionala hasi nuen Zumarragako ospitalean, han 8-9 urtez egon nintzen hainbat arlotan, traumatologian, hemodialisian, urgentzietan… Eta Osakidetzako lehen oposizioetan hartu nuen plaza Zaldibarko ospitale psikiatrikoan (1990ean). Gero, handik joan nintzen Galiziara eta bost urtez egon nintzen. Bueltatu nintzenean, Arrasateko Ospitalera joan nintzen. Eta handik etorri nintzen Soraluzera.  

Zergatik Soraluzera?

Beti egin nuen lan txandaka, eta, txandak ez zituzten leku bakarrak lehen arretako zentroak ziren. Niretzat hori zen aukera bat; horri esker, laga nion txandaka lan egiteari, eta, goizez bakarrik hasi nintzen. Lortu nuen nire bizitzan errutina izatea eta horrek lagundu dit lanez kanpoko bizitza on bat izaten. Soraluzera etorri nintzen etxetik gertu neukalako. 

Harrezkero ez zinen aldatu?

Ez; aldatzezkero, bakarrik Oñatira etortzeko aldatuko nintzateke, eta, Soraluzen gelditu naiz. Oso gustura.

Gustura zergatik?

Lantalde oso-oso ona egin genuen. Mediku eta erizain guztiak berriak ginen eta oso lantalde ona egin genuen; oraindik gelditzen direnak ere lantalde polita jarraitzen dira izaten. Oso gustura egin dugu lan, oso gertukoa. 

Talde berri horretatik gelditzen da lagun bakarra, ezta? 

Bi, Inma erizaina eta Yolanda administratiboa.

Esan daiteke etapa bat itxiko dela?

Bai; datozenek lan egiteko modu desberdina izango dute. Beste belaunaldi batekoak dira eta beste lehentasun batzuk izango dituzte. Horrez aparte, Osakidetzak antolatzeko era ere aldatu egin du.

Zein da aldaketa nagusia?

Osakidetzak sartu du mundu digitala eta arreta telefonikoa asko. Eta hemendik gutxira tresna digital gehiago sartuko ditu. Horrek baldintzatu egingo du lan egiteko era. 

Adibidez?

Jende nagusiak nahiago du arreta presentziala. Baina belaunaldi gazteek, gauza askotarako, nahiago dute arreta telefonikoa edo digitala, ez presentziala. Pentsatzen dute eraginkorragoa eta bizkorragoa izango dela. Begiratzen dute Interneten, baina gero ez dakite informazio hori zelan manejatu, zelan interpretatu, eta, larritu egiten dira; behar dute berehalako atentzioa eta Osakidetzak ezin du eskaera guztiak berehala tratatu. Bestalde, dena ezin da telefonoz edo digitalki konpondu. Batzuetan, aurrez aurreko arreta derrigorrezkoa da. Hemendik aurrera probak-eta bidaltzeko, berriz, askotan txostena digitalki bidaliko dute eta medikuak esango du ea jarraipena egin behar den ala ez. Aurrez aurreko arreta gutxitu egingo da eta lan-karga administratiboa, berriz, gero eta handiagoa izango da. 

Bestalde, kanpoko jendearen etorrerak badu eraginik?

Soraluzen dago kanpoko jende asko. Osakidetzaren arazo handiena da hizkuntzaren oztopoa. Nola ulertu, zer nahi duten jakitea eta zer gertatzen ari zaien gaixo daudenean. Bestalde, eurek ez dute ulertzen prebentzio arloa. Bakarrik ulertzen dute eskaeraren araberakoa, txarto nago eta behar dut mediku/erizain bat. Baina prebentibo arloko ekintzak ez dituzte ulertzen, ez dute halakoen beharrik eta askok kale egiten dute.

Adibidez?

Pediatriako errebisioak. Batzuetan ez dute horretarako arrazoiak ikusten, eta, kale egiten dute, eta askori deitu egin behar izaten diegu. Edo datozen nagusi asko etortzen dira asko euren gaixotasunekin, diabetesa dela, hipertentsioa dela… eta ez dira etortzen erizaintzako kontsultetara. Ez dute behar hori ikusten. Botikak bai nahi dituzte, eta medikuarekin egon beharra dutenean, baina ez jarraipena egiteko eta halakoetarako. Ondorioz gero joaten dira asko ospitalera zuzenean, behar dutelako berehalako arreta.

Zeure zereginetara bueltatuz, anbulatorioan ez ezik, etxeetan ere ibilitakoa zara…

Bai, hasieratik, baina orain gehiago joaten gara. Soraluzen dago jende oso nagusia eta askok nahi dute etxeetan egon, eta ondo iruditzen zait, baina horrek eragiten du etxeetan lan gehiago egitea. Arreta hori oso gertukoa eta konfiantzazkoa izaten da, eta, oso pozgarria. Gainera, etxeetara joatean ezagutzen duzu ere familiaren egoera eta lagundu dezakezu hobeto. Jendeak hartzen du oso ondo atentzio hori. Jendeak asko eskertzen du. Eta denok nahi dugu etxean zainduta egon. Osakidetzak, nire ustez, ahalegin handiagoa egin beharko luke arreta horretan, ondo egiteko, gero eta gehiagok eskatuko baitute.

Anekdotarik izango zenuen ba?

Eduki dut denetik, barre egitekoak, negar egitekoak eta denetatik. Gauza xelebreak. Jendea etorri oso larrituta eta gero konturatzea oso gauza sinplea zela… Baina egia da Soraluzeko jendea oso jatorra dela, gertukoa… eta asko ikasi dut jendearengandik. Entzuten baduzu… inportantea da jendeari entzutea.

Osakidetzari buruz mediku falta dagoela esaten da… zuk zelan ikusten duzu?

Nik uste dut eskaera asko handitu dela eta Osakidetzak ez dakiela eskaera horri nola erantzun. Askotan gertatzen da jendeak nahi izatea espezialista batek ikustea eta askotan nahikoa da medikuarekin, baina jendea ez da konformatzen, eta, Osakidetzak ezin dio horri erantzun, eta ez dakit erantzun ere egin beharko lukeen. Dena den, arlo askotan mediku, espezialista… falta dago eta horrek bere ondorioak dakartza. Hori ez da eskaeraren ondorioa, hori da Osakidetzak ez daukalako nahikoa profesional, eta, ez dakigu noiz emango dion buelta. Osakidetzak batzuetan hartzen ditu neurri batzuk eta joaten da egoerak partxeatzen. Kontratazioaren arloan asko aurreratu du, baina partxeekin dihardu eta profesional faltari ez dio erantzun, eta oso zaila egiten ari zaio erantzutea.

Soraluzeren kasuan, askok diote, adibidez, pediatria zerbitzua indartu beharra dagoela…

Soraluzek dauka pediatra bat jardun osora. Hori oso ondo dago. Tamaina bereko beste herri askotan ez daukate. Gogoan izan Soraluzen beti egon dela pediatra bat, baina, orain dela 4-5 urtera arte egon zen jardun erdira; gero hasi zen pediatra jardun osora eta hori da herriarentzako abantaila izugarria izan zen.

Ginekologia arloarengatik ere badiote makal dagoela Soraluzen.

Ginekologia arloa ez dut oso gertutik ezagutzen, baina matrona dago jardun murriztuan eta Soraluzen ez da ematen lehen ematen zen arreta; komeniko litzateke hori berreskuratzea, ze nahiz eta Soraluze herri txikia izan, jaiotze-tasa altua dauka eta komeniko litzateke jarraipen osoa ematea andreei. Kanpotar asko datoz eta ume asko izaten dituzte. . Lehen ematen zen arreta berreskuratzea komeniko litzateke.

Gaixotasun motak/ohiturak aldatu egin dira?

Gaixotasunak aldatu ez, baina gaixotasun kroniko kopurua handitu egin da, ze jendeak ohitura nahiko txarrak ditu eta jende nagusi kopurua asko handitu da, Soraluzen, bereziki. Akaso beste herri batzuetan jende gehiago dago, baina jende gaztea da, eta horrek beste arazo batzuk izango dituzte, baina jende nagusiak, batez ere, patologia kronikoak dituzte. Horri buelta emateko komeni da prebentzioa handitzea. Soraluzen, Udalarekin eta Diputazioarekin batera martxan jarrita dago ariketa fisikoa lantzeko Goazen, Soraluze! programa, eta horrek laguntzen du, igartzen da. Jendea pozik dago, nahiz eta jende gaztea oso gutxi joan; baina nik uste dut datozen urteetan gazte jendea gehiago mugituko dela horren bueltan ere.

Ohitura txarrak esan duzu, adibidez?

Niri beti arreta eman dit, adibidez, ostegunetako azoka txikian bi postu txutxe egoteak eta barazkien postu bakarra egoteak. 20 urtean ikusi dut hori. Egia da oraingo guraso gazteek ez dutela onartzen euren seme-alabek jatea txutxeak horrenbeste, eta nire esperantza da etorkizunean bi postu barazki eta txutxe postu bakarra izatea Soraluzen. Herri guztietan txutxe denda asko desagertu egin dira. Eta hori osasun aldetik pozgarria da. Urte mordoan, adibidez, ostiraletan gurasoek jarrita zuten txutxe eguna zela. Jende gazteak hori ez du egiten.

Denok dugu gogoan pandemia; zeuri zelako oroitzapena geratu zaizu?

Pandemian joan nintzen Elgoibarrera, itxialdian. 08:00etatik 15:00ak arte egiten nuen botikina han, jo eta ke, lan eta lan… hasieran maskara gabe eta gero maskararekin. Izugarrizko lana izan zen. Eta gero, etxera etorri eta itxialdia egin behar. Batean itxita eta bestean itxita. Gogorra izan zen hura.

Eta orain, gertatutakoa eta ikusitakoa jakinda, berdin jokatuko litzateke?

Jakinda zer gertatu zen eta zer ondorio ekarri zuen horrek, nik uste ez dela egongo estatu bakar bat ere egingo duenik halako itxialdirik. Asmatuko zuten beste zerbait. Ez dut uste halako itxialdirik ezagutuko dudanik berriz nire bizitzan. Ondorio ekonomikoak eta osasun arlokoak izugarrizkoak izan ziren eta inork ez du ikusten bere alde ona; bere alde ona inork ez badu ikusten, ez dute berriro egingo.

Zeurera bueltatuz, badago zure ordezkorik izendatuta?

Bai, eta finkoa izango da. Elgoibarkoa da, eta gainera, ezagutzen du zentroa lehendik lan egin duelako. Lantalde ona egin eta giro ona lortzen badute, orain etorri direnak ez dira mugituko. Horrek herriari ematen dio egonkortasuna, gertutasuna, konfiantza lantzeko denbora… Hori da onena niretzat. Mediku, erizain eta administratiboak gertukoak eta ezagunak izatea, urtea joan eta urtea etorri, nire ustez ona da.

Soraluzeko anbulatorioa, berriz, zelan ikusten duzu?

Hobetu daiteke azpiegitura aldetik, komeniko litzateke sortzea beheko solairuan urgentziako eta botikinerako arlo bat arreta emateko eta pediatra bat egoten bada goiz osoan, zergatik ez da egon behar erizain pediatriko bat goiz guztian?

Zelako oroitzapena eramango duzu Soraluzetik?

Oso ona, jende jatorra, lantalde polita… Oso gustura ibili naiz. Oso jende gertukoa eta konfiantza handikoa dago eta hori ez duzu lortzen edozein lekutan.