Mamuek, arimek eta deabruek hartuko dute kalea gaur Soraluzen, Gaba Baltzean

Ubane Madera Zangitu

Lekittoko Deabruak izango dira gaur Soraluzen.

Kandelez argiztatutako kuiak, mamuak, munstroak, arimak, istorio beldurgarriak, mozorroak, gozokiak eta Lekittoko Deabruak. Osagai horiekin guztiekin dator gaurko Gaba Baltza, azken urteotan ume eta gazte askoren hitzordu gogoangarrienetako bat den Arimen Gaua.

Eguna gautzen hasten den horretan abiatuko da Gaba Baltzeko lehen ekitaldia, Ibilbide Misteriotsua, 18:30ean, Plaza Barritik. Herrigunean ibiliko dira, hainbat txokotan gertu izango dituzte ikuskizunak, beldurrezko ipuinak eta beste sorpresa batzuk, eta Plaza Barrixan borobilduko dute ibilbidea, sutondoan beldurrak erre eta gaztaina-jana eginez.

Gozoki-eskea

Segidan hasiko dira umeen korrikaldiak, 19:30etik 20:30era bitartean izango baita gozoki-eskea, eta beldurgarri mozorrotuta handik hona joango dira, zeinek gozoki gehiago eskuratu. Ohitura horrek indarra hartu du azken boladan; Iratxo gozo-dendan, adibidez, iaz 220 umeri partitu zizkieten litxarreriak. "Urte osoan etortzen ez direnak ere etortzen dira", dio Itziar Agirrek. 

Hona hemen gozokiak eskuratzeko lekuak:

  • Iratxo gozo-denda
  • Tanger saltokia (Musta)
  • Txuritxu gozotegia 
  • Batzokia
  • Txoko
  • Pub Intxisu
  • Arrano
  • Bolia
  • Edurtza
  • Casa del Pueblo
  • Gila

Lekittoko Deabruak

Gaba Baltza borobiltzeko, argiak emendatu eta Lekittoko Deabruen suak piztuko du herria, 20:30ean. Aurten, Mingorri txakur beltz-mingainluze gorriduna ekarriko dute lekeitiarrek Soraluzera.

Gaixotasuna/herioa irudikatzen duen animaliak Luzifer eta bere deabru kuadrilla izango ditu lagun, dozena inguru. Zubi Nagusian hasi, Plaza Barri-elizpetik segi eta Plaza Zaharreraino egingo dute suaren eta txinparten kalejira-antzerkia, eta eurekin batera salto egitera, dantzara, korrikara eta suarekin jolastera gonbidatu dituzte soraluzetarrak: "Arropa aproposa jantzita –zaharrak, bakerozkoak, bururako txapela…–, beldurrik gabe etor daitezela ume, gazte zein heldu, ikuskizun parte-hartzailea da eta". 

Igor Akarregi soraluzeartutako lekeitiar deabruak kontatu duenez, Soraluze "asko" gustatzen zaie: "Zubia, eliza-ataria, ibaia… Espazioak elkarren ondoan daude, eta askotarako ematen du horrek; antzerkia hainbat lekutan irudikatzeko oso herri aproposa da; iaz etorri ginen, eta oso gustura egon ginen". 

Leku seguruak

Edozelan ere, suarekin jolastu barik bakarrik ikuskizuna ikusi nahi dutenendako leku seguruak egongo direla ere esan du Akarregik: Kontzejupea, Plaza Barriko balkoia eta Plaza Zaharreko arbolapea. 

13 urteko ibilbidea

Lekittoko Deabruak herritik sortu eta hainbat belaunaldi batzen dituen taldea da. 50 urte ditu taldekide nagusienak eta 18 urte gazteenak. Aparte, gaztetxoak bakarrik dituen taldea osatu berri dute; beraz, harrobia ere badatorkie atzetik.

Herrialde Katalanetan tradizio handia duen correfoc kulturan dute oinarria Lekittoko Deabruek: "Han herri bakoitzean deabru taldeak daude; correfoc izenak dioen moduan, suaren inguruan korrika egiten dute. Ume ginela, oroitzapena dugu zelan katalanak azaltzen ziren Lekeition, deabru jantzita, suarekin, eta, beldur puntu horrekin, kaleko argiak emendatu eta herri guztia sutan jartzen zuten". Lekeitiarrak guztiz bereganatu zituen kultura horrek, eta behin aukera eman zieten Lekeitiko Kale Antzerki Jaialdian eurek ere halako ikuskizun bat egiteko. Harrezkero, dagoeneko 13 urte daramatzate eta makinatxo bat ikuskizun landu dute Lekittoko Deabruek; besteak beste, iazko Akelarre eta aurtengo Mingorri. Eta 2027rako, Itsasoa izeneko ikuskizuna prestatzen ari dira.