“Arduraz” jokatu eta “aurrerapausoak” emateko deia espainiar zein frantziar estatuko administrazioei

Ubane Madera Zangitu

Euskal preso, iheslari eta deportatuen auziak” egun eta aste gorabeheratsuak bizi” dituela salatu zuten barikuko elkarretaratzean. 50 herritarretik gora elkartu zen Plaza Barrixan euskal presoen eskubideen alde. Besteak beste, gogora ekarri zuten 15 urte bete direla “ETAk bere jarduera eten zuela” eta hori horrela, “anakronikotzat” jotzen dituzte asteotan jasotako “errekurtso eta erregresioak”.

Barikuko elkarretaratzearen irakurketan salatu zutenez, “zaintza epaitegitik eta entzutegi nazionaletik, oinarri juridikorik ez duten eta mendekutik, zein erabaki politikoetatik gehiago duten errekurtso edo erabakiak” ikusi dituzte. Gaineratu zuten “500 kilometrotara hartzen diren erabakiek”, ez dutela “euskal gizartearen nahi eta beharretan islatzen den konponbidea oztopatu beste asmorik (…) Oinarri juridikorik gabe eta mendeku gosez hartzen diren erabakiek, euskal gizartearen gehiengoaren nahiaren aurka lerratzen dira”.

Bestalde, “hauteskunde ziklo bete-betean” egonda, “espainiar estatuko zein frantziar estatuko administrazioei arduraz jokatzeko deia” egin diete, esanez “aurrerapausoen garaia” dela eta “ez iraganeko agertokiak elikatzekoa (…) konponbidean fokua jarriko duten instituzioen beharra” aldarrikatu zuten. "Gizartearen kohesioa dugu aldarrikapenean berme, eta horretan jarraituko dugu datozen hilabeteetan ere", bukatu zuten.