Babes handiarekin dator datorren asteko greba

Ubane Madera Zangitu

Atzo arratsaldean greba eguneko mobilizazioak prestatzeko Soraluzen egindako batzarra.

'Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!' Lelo horrekin dator datorren eguaztenerako, azaroaren 11rako greba deialdia. Euskal Herrian, euskal sindikatu guztiek eta etxebizitza sindikatuek babestu dute protesta. "Etxebizitzekin espekulatzen dituzten guztien kontrako greba" izango da, eskaera zehatzak ere badituena. Atzo, Soraluzen, batzar irekia egin zuten. Besteak beste, azaroaren 11n eskualde mailan Eibarren egingo den manifestaziora joateko bidea izango da Soraluzetik, eta, iluntzeko mobilizazioak, berriz, herrian bertan izango dira.

Babes zabalarekin dator azaroaren 11ko greba orokorra; Euskal Herrian, euskal sindikatu guztiek babestu dute, ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk, eta, bi etxebizitza sindikatuk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

Deialdi horrekin bat eginez, herrietan ere ari dira antolatzen asteotan, eta Soraluzen, besteak beste, batzar irekia egin zuten atzo, martitzena.

Etxebizitza bermatu beharreko eskubidea

Bertan partekatu zituzten greba egiteko arrazoiak; nagusia, “etxebizitzak bermatutako eskubidea” izan beharko lukeela da; eta harekin batera, “ikusita, etxebizitzaz aparte, langile klasearen prekarizazioaren beste arrazoi nagusia soldatak” direla, biak izango dituzte aldarrikapen azaroaren 11n.

Atzo azaldu zuten etxebizitza eskubidea lortzeko “oztopo nagusia” dela “etxebizitzekin egiten den negozioa”,  eta ondorioz, “espekulazioa eta errentismoa” jarri nahi dira “jomugan” grebaren bitartez. Hori horrela, hiru “transformazio” behar ikusten dituzte:

  • Espekulatzaileen desjabetzea
  • Jardun espekulatiboaren debekua
  • Etxebizitzen antolaketa justua, langileriaren beharren araberakoa

Administrazioen erantzukizuna

Ildo horretan, esan zuten salatu nahi dituztela banketxeen, enpresa eraikitzaileen… oro har, etxebizitzarekin espekulatzen ari diren guztiak. Eta administrazioak ere interpelatu nahi dituzte, zentrala zein erkidegoetakoak, etxebizitza gaietan eskumena duten arren, “gutxi” egiten baitute. “Ari dira bonifikatzen etxe-jabeak, etxeak merkaturatzeko”, esplikatu zuten, besteak beste.

Eta egiturazko neurriak landu eta ezarri bitartean, “berehalako neurriak” behar direla ere azpimarratu zuten, “langileen berehalako itoaldia arinduko luketenak: etxegabetze guztien etetea eta alokairuaren prezioen jaitsiera”.

Eibarren eta Soraluzen

Datorren eguaztenerako deituta daude grebarekin batera mobilizazioak. Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Tuteran eta Eibarren deitu dituzte manifestazioak. Debabarrenaren kasuan, Soraluzetik autoak bideratuko dituzte Eibarko manifestaziora joan ahal izateko garraio publikoa erabili barik -haien grebarako eskubidea bermatuz-; 12:00etan da manifestazioa eta 10:30ean abiatuko dira autoak.

Eta iluntzean, berriz, herrietan egingo dira mobilizazioak. Soraluzekoaren kasuan, 19:00etan egin dute hitzordua, Plaza Barrixan.