Lasak emandako xehetasunen arabera, erabiltzaile asko joan zaizkio entzun dutelako gimnasioan badagoela pertsona bat aholkuak ematen. "Batzuetan, lotsa ematen die gimnasiora joateak, edo joan eta ez dakite oso ondo zer egin; halakoetan, aholkulari batek asko laguntzen du", dio.
Gaineratu duenez, orokorrean, jakintza falta da, "batez ere, indar makinetan, zeren eta kardio makinetan, gutxi gorabehera, makina erabiltzen jakinez gero, nahikoa da, baina indar makinetan, makina erabiltzen ez ezik, teknika ere jakin beharra dago".
50etik gora
Erabiltzaileen profilari dagokionez, "gehienak 50 urtetik gorakoak dira: neska asko, gizon pare bat…". Eta horien artean denetik dago, kirolari badirenak eta baita kirola egiten edo gimnasioa erabiltzen hutsetik hasi direnak ere. Erabiltzaile direnen kasuan, berriz, haiek joan dira "gauza puntualak edo zehatzak galdetuz".
Aholkularitza zerbitzuaren funtzionamenduari dagokionez, Lasak esplikatu du lehen bisitan ariketak egiten dituztela, hark lagunduta: "Gauza orokorrak; batez ere, makinak zelan erabili eta halterekin zein ariketa egin daitekeen ikasteko, eta teknika ikusteko". 45-50 bat minutu irauten dute saioek.
Gero, jarraitzeko interesa dutenei planifikazio sakonagoa egiten die, ikusita zein ariketa sartu dakiekeen eta zein ez; izan ere, zenbait bazkide lesioekin joaten dira eta ezin dituzte mugimendu jakin batzuk egin.
Lasak berak aholkularitza zerbitzua erabiltzea gomendatzen dio "ideia handirik ez duenari, gauza berriak ikasi nahi dituenari, makinak edo halterak erabiltzen ez dakitenei… eta, esandako moduan, batez ere, gorputzeko jarrerak zelan jarri ez dakitenei. Laguntza moduan halakoei dago bideratuta, hasieratik zerbait egiten hasteko moduan egon daitezen", esan du.
16 urtetik gora
Gimnasioko aholkularitza zerbitzua astelehenetan eta eguaztenetan 17:30etik 20:30ak arte eta martitzenetan 09:30etik 11:30ak arte ematen dute. 16 urtetik gorako edozein bazkidek eska dezake Leire Lasa aholkulariaren laguntza, momentuan bertan, aldez aurretik izena eman edo txanda hartu barik, esandako egun eta orduetan teknikaria gimnasioan bertan izaten da eta. Momentuz, abenduaren 23ra arte segituko du zerbitzuak.
Hilean behin, tailerra
Aholkularitza zerbitzuaren osagarri moduan, hilean behin tailer espezializatuak lantzen hasi dira. Horiek zapatu goizetara bideratuko dituzte, talde txikian egiteko. Lehena joan den zapatuan egin zuten, Inhar Ariznabarreta Muro aditua gidari zela; indar ariketak eta makinen erabilera landu zituzten, eta sei pertsona bertaratu ziren. Esan zutenez, tailerra asko gustatu zitzaien, eta beharrezko ikusten dute zerbitzu hori. Hurrengoa azaroan egingo dute.