Gaur zabaldu dute 80 urtetik gorakoen omenaldi-bazkarirako izen-ematea Soraluzen

Ubane Madera Zangitu

Emilia Altuna eta Santiago Garcia iazko omenaldian.

Gaur, azaroak 5 zabaldu dute 80 urtetik gorakoen omenaldi-bazkarirako izen-ematea. Omenaldia izango da azaroaren 20an. Aurten, beste era batean egingo dute izen-ematea, lehentasuna emango baitzaie iazko bazkarira joan ez ziren bazkideei. Lehentasun horri eutsiko diote azaroaren 12ra arte. Hala ere, iaz bazkarian egon zirenek ere gaurtik aurrera eman ahal izango dutela izena. Izen-emateak itxarote-zerrendan geratuko dira eta hilaren 12tik aurrera bertaratutakoen behin betiko zerrendan sartuko dira, libre dauden plazen arabera.

Aurtengo batzar orokorrean landu zuten 80 urtetik gorakoen omenaldirako izen-ematearen gaia. Kontua da 80 urtetik gorako 235 bazkide dituztela Itxaropena Erretiratuen Elkartean, eta bazkarian, berriz, 83 lagunendako lekua dagoela. Hala, aukera berdintasuna bermatu eta denek joateko aukera izan dezaten, erabaki dute izen-ematean lehentasuna ematea aurreko urtean bazkarian egon ez zirenei.

Bazkaria azaroaren 20an izango da. Egun horretan, 13:00etan itxiko dute Itxaropenako taberna, 13:30ean zabalduko dituzte bazkaritarako ateak eta 14:00etan hasiko da bazkaria.

Ohi denez, bazkalostean egingo diete omenaldia aurtengo bi lagunei. Oraindik ez dute jakinarazi zeintzuk izango diren. Iazko omenduak izan ziren Emilia Altuna (Soraluze, 1929) eta Santiago Garcia (Villanueva de Odra, Burgos, 1933).