Geroago eta jende gehiago ari da batzen pentsioen aldeko astelehenetako elkarretaratzeetara. Halaxe izan da azken asteotan Soraluzen, behintzat. Astelehen honetan egindako elkarretaratzean, Eusko Jaurlaritzari zuzendutako eskaria egin zuten, EAEko gobernuak gutxieneko pentsioak osa ditzan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataraino.
Esan zuten azken urteotan nabarmen igo dela zerga-bilketa erkidegoan, eta, zerga gehien pagatzen dutenak herritarrak, pertsona fisikoak direla ekarri zuten gogora. Halaber, salatu zuten soldatek eta pentsioek erosteko ahalmena galdu dutela kontuan hartuta, oso zaila zela justifikatzea zerga-bilketaren igoerarekin pertsona fisikoen errenten taulak ez deflaktatzea, eta, diote, horregatik, aldundiek “ondo geratu” nahian, 2027rako % 3 deflaktatuko dutela, eta horrela, erosteko ahalmenaren galera arintzen saiatu direla. Baina deflaktazio hori ez zaie bidezkoa pentsatzen pentsiodunen mugimenduko kideei, diote diru sarrera altuenak dituztenei egiten diola mesede, eta, lanbide arteko gutxieneko soldata duten pertsonen kasuan, adibidez, ez duela inolako ondoriorik izango.
Hala, gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko Jaurlaritzari eskaera egiteaz bat, EH Bilduren eta Nafarroako gobernuaren artean lortutako akordioa jarri dute eredu modura, haren bitartez, lortu da pentsioa 1.190 eurora osatzea 14 hilabetetan; hori egin dute kenkari fiskalen bidez, eta uste dute hori han egin bada, hemen ere posible dela, Eusko Jaurlaritzak ere baduelako horretarako eskumena.