700 urteko eta 23 baserriren eta bertako bizilagunen historia batzen duen 'Irure' liburua aurkeztu zuen atzo Francis Larrañagak

Ubane Madera Zangitu

Atzo, eguena, Irure liburua aurkeztu zuen Francis Larrañaga Guridi (Soraluze, 1949) egileak Herri Antzokian. Soraluzeko baserri-auzoei buruzko laugarren eta azken liburua da Irure, eta, Herri Antzokia, landa-eremuko bizilagunez bete egin zen, izan ziren kaletar batzuk eta baita kanpoko hainbat bisitari ere. Ekitaldiaren aurkezpena, berriz, Ana Maiztegi alkateordeak egin zuen eta liburuaren argitalpena finantzatu duen Soraluce Kooperatibako lehendakari Lino Alberdik ere hartu zuen hitza.

Atzo, herritarren artean irrika handia zegoen Irure liburua ikusteko. Herri Antzokiaren sarreran zegoen salgai, eta asko eseri ziren hura eskuetan zutela, orriak pasatu, argazkiak ikusi eta lagunekin gauzak partekatzen.

Aurkezpen ekitaldia Ana Maiztegi alkateordeak hasi zuen, Irure liburuari testuingurua jarriz. Ondoren, liburuaren argitalpena finantzatu duen Soraluce Kooperatibako presidente Lino Alberdiri eman zion hitza.

Hark, besteak beste, Soraluzetik eta soraluzetarrek sortu eta herriaren izena daraman kooperatibaren jatorria, sorrera eta sortzaileak -baserritarrak asko- gogora ekarri ondoren, kooperatibak funts soziala baliatuta, estatutuetan beren beregi jasota duen moduan, herriko kultura eta herriko elkarteak bultzatzeko eta laguntzeko egiten duen ahalegina azpimarratu zuen.

Ia 600.000 euro laguntzetan

Adibide modura jarri zituen orain arte argitaratzen lagundu dituen liburuak, Lamoten grabatuari buruzkoa, armagintzari buruzkoak, teknologiari buruzkoak… eta azkena, Irure. Datutan, jakinarazi zuen Soraluce Kooperatibak Soraluze herriari 590.000 euro inguru eman diola zela edo hala laguntzetan.

Alberdiren ondoren, liburuaren aurkezpenaren txanda izan zen. Francis Larrañaga berak egin zuen hori. Liburuaren azaletik eta kontrazaletik hasi zen, egitura azaldu zuen, zenbait argazki erakutsi zituen eta zenbait bitxikeria kontatu zituen. Hasi aurretik, eskerrak eman zizkien argazkiak, datuak, informazioa… eman dioten guztiei. Eta Soraluzeko Udalari eta Soraluce Kooperatibari, liburua argitaratzen laguntzearren.

Zuztarren bila

Osterantzean, esplikatu zuen Irure liburua eta baserri-auzoetako beste hiru liburuen zergatia bere zuztarren bilaketan dagoela. Plaza Zaharrean jaiotakoa dela bera, baina ez zituela aitona-amonarik ezagutu. Aztarrika-aztarrika, arbasoen jatorriaren bila hasi, eta, atzo erakutsi zuen moduan, jabetu zen herriko baserri-auzo guztietako baserri batekin baino gehiagorekin lotura zuela. “Lehen horrela zen, bata bestearekin ezkontzen zen, erromerietan elkar ezagutu…”

Pertsonei galdetzen hasi zen, senitartekoei, gero liburutegietan informazioa bila segi, mota guztietako artxiboetan ere aurkitu zuen beste datu mordoska bat, eta elkarteetan ere ibili da galdezka eta bila. Topatu ditu argazkiak, agiriak, ezkontza kontratuak, jaiotze agiriak, eskriturak, erroldak… “Dena dago eskuragarri begiratu nahiez gero”, esan zuen.

Eta hori guztia laburtu, txukun antolatu eta kontatu ahal direnak egituratu ondoren eman ditu argitara Soraluzeko baserri auzoei buruzko liburuak, San Andreskoa 2024an, Ezozikoa eta Txurrukakoa iaz eta Irurekoa atzo. “Pertsonak dira inportanteenak, baina guztiak gatoz baserrietatik”, esan zuen.

Pertsonak lehenengo, gero baserriak

Irure liburuari buruz, berriz, esplikatu zuen, 23 baserriri buruz idatzi duela, ordena alfabetikoan. Horietatik hiruzpalau baserri ez dira existitzen, baina Larrañagak haien gaineko dokumentuak ere topatu zituenez, ba guztiak daude sartuta.

Esplikatu eta erakutsi zituen ere liburuan argitaratutako argazkietako batzuk. “Garrantzitsuena da ipintzea argazkietan zein den zein, eta hori jasota dago”, esan zuen. Erakutsi zituenen artean dago Ilordokoek lehen jaunartzea Maltzagan egin zutenekoa, edo Pascual Churruca eta haren familiarena. Gaineratu zuenez, eskriturak eta firmak ere jasota badaude liburuan, haiek ere baitziren urri, eta, beraz, baliotsu.

Eta “pertsonen ondoren, haiek non bizi ziren zen garrantzitsua eta kasu honetan dira baserriak”, esan zuen Larrañagak. Hala, kontatu zuen zein izan den baserrien garapena, txabola soil izatetik harrizko eraikin izateraino. Eta baita bertako bizilagun eta jabeena ere. Baserrien jabe jauntxoak ziren hasieran, baina industrializazioaren eraginez, baserriek errentagarritasuna galdu zutenean, haiek saltzen hasi eta orduantxe erosi zituzten baserri gehienak bertan bizi ziren errentari-baserritarrek.

Nafarroako erregea eta Irure

Bestalde, liburuan jasotako bitxikeria batzuk ere partekatu zituen Larrañagak. Arkitekturakoak, adibidez, armarriekin lotutakoak. Kontatu zuen lehen lau armarri zeudela Iruren, baina, Sagarragakoa “desagertu” egin zela zabortegia egin zutenean.

Geratzen diren armarrien artetik, Irureandikoa eta Yruremendikoa baserriek, berriz, armarri bera dutela ere kontatu zuen, irudi berberekin, eta erakusten dutela auzoak Nafarroako erregearekin harremana izan zuela, Nafarroako Errege baten lehengusuak bisitatu baitzuen Irure.

Jatorri goierritarra zuen Francisco de Goyaren zezenaren eta zakurren estanpa erakutsiz, zera kontatu zuen: “Jaia egin zuten bisitaren omenez. Zezen bat askatu zuten, eta gero zakurrak. Gainera, ospakizun guztietan dago bazkaria, eta hangoan, zezena jan zuten. Irureko armarrian azaltzen dira zezenak eta zakurrak, eta, are gehiago, Nafarroako kateak ere badaude. Idatzita dago hori guztia. Orain dela 1.000 urte edo gehiago idatzita. Nafarroako kateak egoteak erakusten du bazegoela harreman bat Irureren eta Nafarroako erregearen artean”.

Izurri beltza eta Sologoengain

Idazleak kontatu zuen beste bitxikerietako bat izan zen izurri beltza iritsi zenekoa. Sologoengain baserriari buruzko dokumentuak aurkitu baititu Larrañagak horri buruz. 1598an izurri beltz bat izan zen, Europako bizilagunen erdia-edo hil zen. Idazkietan jasota dago Salogoengaineko aita, ama, bi alaba, amaginarreba eta amama hil egin zirela, bakarrik geratu ziren bizirik semea eta neskamea. Haiek kaiola batean -hala ipintzen du, baina seguru aski txabola bat izango zen-, etxetik aparte bizi behar izan zuen hiruzpalau hilabetez, izurria gainerakoei ez pasatzeko. Bitxikeria moduan, biziraun zuen semea nire arbaso zuzenekoa da. Bada, gainera, izurri horren ondoren, Soraluzen ohitura hartu zen eta egon zen ehunka urteetan, San Roke jaisten zuten bizkarrean; hura da izurriteen zaindaria, eta horrexegatik, izurriren bat edo gaixotasun kutsakorren bat zegoen bakoitzean, San Roke jaisten zuten herritarrak bedeinkatzeko. Nik aurkituta, Soraluzen izurriteak asolatutako bi baserriren gaineko dokumentuak topatu ditut: Eizagirre eta Salogoengainekoa”.

Colon, abizenak…

Noski, Cistobal Colon, ustez Salogoenazpiko semea zena ere izan zuen hizpide labur. Paco Vargasen Colon Vizcaino liburua gomendatu zuen, besteak beste. Eta bestelakoen artean, San Martzialgo karidadeko salda, Irureko hiru ermitak -San Esteban, San Zeledonio eta San Emeterio (San Martzial) eta Santa Ageda- aipatu zituen eta auzokio abizenei buruz ere jardun zuen, asko, jatorrizkoak: Eitzaga, Erlaegi, Ernizketa, Intxausti, Iraolabeitia, Irola, Irure, Sagarraga…

Eta hala, zertzeladaz zertzeladaz, borobildu zuen aurkezpen xehea. 700 urteko eta baserri guztien historiarekin ondu du liburua Francis Larrañagak. Aipamen bi ere izan zituen, bidelagun izan dituen bi lagunenak: Juan Carlos Astiazaran eta Oscar Perez. Azpimarratu zuen haien laguntasuna, eta, esan zuen Soraluzek berak ere asko zor diela bi horiei.

Oroigarria eta piskolabisa

Ekitaldia borobiltzeko, Unai Larreategi alkateak Soraluzeko oroigarria oparitu zion ezustean Francis Larrañagari, berak Soraluzeri horrenbeste eman ondoren, etxean Soraluzeren zatitxo bat ere izan dezan. Pozik hartu zuen Larrañagak oroigarria.

Amaitzeko, Udalak piskolabisa eman zien bertaratutako guztiei. Eta askok aprobetxatu zuten tartetxoa elkar agurtu eta elkarren berri izateko aspaldiko partez. Izan ere, gutxitan elkartzen den jende esanguratsua erakarri zuen Irure liburuaren aurkezpenak.