Francis Larrañaga, 'Irure' liburuaren egilea: "Irureko armarrian Nafarroako kateak egoteak erakusten du bazegoela harreman bat Irureren eta Nafarroako erregearen artean"

Ubane Madera Zangitu

Francis Larrañaga Guridi 'Irure' liburua eskuetan duela, Bergaran, astelehenean.

Francis Larrañaga Guridik (Soraluze, 1949) eguenean aurkeztu zuen Soraluzeko baserri auzoei buruzko laugarren eta azken liburua. Barrenari kontatu dionez, pozik geratu da emaitzarekin. Bidean altxorrak topatu ditu, eta, noski, haien berri ere eman du liburuan. Kontatzen du, adibidez, Irureko armarriak erakusten duela auzoak Nafarroako erregearekin harremana izan zuela. Kontatzen du ere zenbait familiak oraindik mantentzen dutela auzoak emandako jatorrizko abizena. Askotarikoak dakartza Larrañagaren azken liburu honek, aurreko hirurak moduan eta bere estiloari fin eutsita, guztia ezinobeto dokumentatuta.

Zenbat ale argitaratu dituzue?

200 ale argitaratu ditugu, betiko moduan. San Andres auzoari buruzko liburuan bigarren edizio bat atera behar izan genuen eta Bergaran, adibidez, nire liburutetako baten baten lau edizio atera ditugu. Baina hasi, 200 alerekin hasten gara.

Zein egitura dauka?

Baserriz baserri, ordena alfabetikoan. 23 baserriri buruzko informazioa dakar, hiru ja existitzen ez direnak. Zapatuan egon ginen alkatea eta biok baserriz baserri liburuak partitzen. 09:30ean hasi eta 13:00etan bukatu genuen.

Iaz erabaki zenuen Irureko liburua ateratzea?

Bai. Bergarakoa egin nuenean, Soraluzetik protestak izan ziren. Zu Soraluzeko semea izanda, zelan ez duzu hemengoa egin? Bai, egin dut, dena batuta daukat, eta dokumentuak eta argazkiak ere baditut, ehunka-milaka eskuizkribu ditut, baina asko ezin dira atera. Zatiak ateratzen ditut.

Paper mordoan begiratu duzu?

Milaka ordu, pentsa, 27 urtean… eta beti laburtzen, konkretatzen. Bestela ezin da atera. Gauza asko ez

Zer da Iruretik gehien kostatu zaizuna?

Leku guztietan moduan, batzuek oso pozik lagatzen dizuete argazkiak eta beste batzuetan ez dute batere interesik. Adibidez, bada argazki bat Maltzagan Lehen Jaunartzea egin zutenekoa Ilordoko baserriko semeak.

Liburuan kontatu duzun bitxikeria bat edo bi…

Salogoengaineko baserriari buruzkoa da. 1598an izurri beltz bat izan zen, Europako bizilagunen erdia-edo hil zen. Hona ere iritsi zen, noski. Herrien arteko mugak itxi egiten zituzten. Hemen, idazkietan jasota dago Salogoengaineko aita, ama, bi alaba, amaginarreba eta amama hil egin zirela, bakarrik geratu ziren bizirik semea eta neskamea. Haiek kaiola batean -hala ipintzen du, baina seguru aski txabola bat izango zen-, etxetik aparte bizi behar izan zuen hiruzpalau hilabetez, izurria gainerakoei ez pasatzeko. Bitxikeria moduan, biziraun zuen semea nire arbaso zuzenekoa da. Bada, gainera, izurri horren ondoren, Soraluzen ohitura hartu zen eta egon zen ehunka urteetan, San Roke jaisten zuten bizkarrean; hura da izurriteen zaindaria, eta horrexegatik, izurriren bat edo gaixotasun kutsakorren bat zegoen bakoitzean, San Roke jaisten zuten herritarrak bedeinkatzeko.

Nik aurkituta, Soraluzen izurriteak asolatutako bi baserriren gaineko dokumentuak topatu ditut: Eizagirre eta Salogoengainekoa. Kalean ere erdiak hilko ziren, baina ez dut horri buruzko dokumentaziorik topatu.

Liburuan azaltzen den argazkirik zaharrena?

Soraluzeko lehen argazkilaria nire tio zen, Biribiltxo, Bolunburu. Nire aitaren arreba batekin ezkondutakoa zen hura. Haren argazki batzuk daude, gehienak 1910 ingurukoak. Argazki politak daude, kuriosoren bat ere bai. Hernizketan, adibidez, argazki kurioso bat badago. Oso dotore jantzita daude, ez daude baserrian. Eta beste bat ere badago baserritar jantzita, baina bistakoa da argazkirako jantzitakoa dela. Seguru aski Biribiltxok ateratakoa zen.

Baserrien arkitekturari ere erreparatu ohi diozu zure liburuetan. Iruren topatu duzu gauza kuriosoren bat?

Irureko armarriak daude argazkitan. Irureandikoa eta Yruremendikoa baserriek dute armarri berbera. Irureri buruzko lehen notiziak dira Nafarroako Errege baten lehengusuak bisitatu zuenekoa; jaia egin zuten bisitaren omenez; hortik dator han egindako zezenketarena. Ospakizun guztietan dago bazkaria, eta hangoan, zezena jan zuten. Irureko armarrian azaltzen dira zezenak eta zakurrak eta are gehiago, Nafarroako kateak ere badaude.

Idatzita dago hori guztia. Orain dela 1.000 urte idatzita. Nafarroako kateak egoteak erakusten du bazegoela harreman bat Irureren eta Nafarroako erregearen artean. Horrez aparte, edozeinek ez zuen armarririk eta ez zuen jartzen, ez zegoelako dirurik eta ez zutelako armarria jartzeko baimenik ematen ere.

Armarria noizkoa da?

Ez dago daturik; akaso hori izango da nire hurrengo lana, armarriei buruzkoa.

Irure da Soralueko baserri auzoetan zaharrena?

Akaso; idazkiduna bai. Baina horrek ez du esan nahi antzinakoena zenik. Baina ez dago dokumenturik, eta ez baldin badago dokumenturik, ezin da esan. Liburuan, adibidez, dena dago dokumentatuta. Mila dokumentu baino gehiago, 1.068 dokumentu erabili ditut. Bakoitzean azalduta dago nondik atera dudan dokumentua.

Gehien gustatu zaizuna?

Ni arbasoen bila ibiltzen naiz, zeintzuk ziren, non bizi ziren, jabeak ote ziren, errentariak… Auzo honetan daude 8-9 bat baserri abizenen jatorri direnak.

Adibidez?

Iraola. Irure… Lehen Irure -abizena- 1518 urte ingurukoa da. Gero Artolazabaldarrak gehitzen dira -Osintxukoak- haiekin ezkontzen dira eta horregatik orain Irure Mendikoa da Artolazabal. Eibarko Artola jatetxea? Hemendik dator. 300-400 bat urtez eusten diote. Haien arbola genealogikoa aurkitu dut.

Eitzaga ere bada abizen-jatorria eta eurek ere eutsi egiten diote abizenari 8-10 belaunaldiz.

Iraolabeitia. Hori ere Soraluzeko abizena da. 1400etik daude baserriari lotuta. Eta 1955eko erroldan ere badira, Ana Rosa Laskurain -Iraiolabeitiatik datoz- emazteak ematen dio abizena gizonari, kasu horretan. Horiek dira oraingo jabeak. Euren baimenarekin ipini dut oraingo argazkia, 2026koa, Begoña Elizburu Joseba eta Ines Laskurain eta seme-alabak. Haien arbola genealogikoa ere egin dut.

Bitxikeria arkitektoniko gehiago?

Baserri askotan daude egurrezko egitura interesgarriak. Donostiako Arkitektura Eskolako batekin egin nuen lan bat. Dentrokronologiarekin -egurretik txorizo batzuk ateratzen- jakin daiteke egitura hura noiz ipini zuten. Susperregi teknikoarekin egin genuen. Badago beste arkitektu azkoitiar bat Iruñean bizi dena, sarri etorri da Soraluzera eta Gipuzkoako baserriei buruzko liburu onena atera du hark. Nire ustez, Euskadiko arkitekto onena da baserrietan.

Pozik geratu zara liburuarekin?

Bai. Emazteak beti esaten dit ea altxorren bat topatzen duzun. Eta aurkitu dut, bai. Adibidez, testamentuak aurkitzea… Sasoi hartan edozeinek ez zuen idazten, eskribauak ziren notarioak, eta halako bat topatzen dudan bakoitzean… Esan, baita ere, errentari asko eta jabe gutxi azaltzen direla. Liburutik eratortzen den konklusio bat hori da, hain justu: esplotazio brutala zegoela, jauntxoena besteekiko. Lau ziren aberatsenak. Nik lan egiten dudan dokumentuetan, adibidez, alkate bakarrik izan zitezkeen aberatsak, Soraluzen, guztira ziren 20-30 bat gizon, beste guztiak ziren errentariak eta txiroak, eta ez zuten batere pisurik gizartean. Adibidez, matxinadak zer izan ziren ba? Goseak zeuden. Miserian bizi ziren. Esplotazio brutala jasaten zuten.  Errentariak, ahal bazuten, ingurukoekin ezkontzen ziren, eta beste guztiak emigratzera. Eta hori horrela izan da 400 urtean. Egundoko pobrezia zegoen, eta, Eliza erdian, denei burua berotzen. Orduan liberalek agintzen zuten. Haiek, herrietan barik, Donostian bizi ziren eta handik probintzia osoa menderatzen zuten; bitartean, Debarroko bizilagunak pobre-pobreak. Herrietan zeuden lau jauntxo -oñaztarrak eta ganboatarrak- eta beste guztiak ziren errentariak. Pentsa, Beragarako Santa Marina elizatik, eliza barne, Arrasaterainoko baserri guztiak Oñatiko jauntxoarenak ziren, berak kobratzen zituen errenta guztiak, hamarrenak eta beste. Eta beste aldera, Elgoibarko Olaso familiarenak. Horiek ziren botoa eman ahal zutenak, alkate izan ahal zirenak, errentak -diezmoa, hamarrena- kobratzen zituztenak…

Irure liburuarekin, Soraluzeko lau baserri-auzoei buruz idatzi duzu, besteak beste. Honek guztiak badu bere arrazoia?

Nire sustraiak topatzearren hasi nintzen. Ni Plaza Zaharrean jaiotakoa naiz, 1949an. Gabolats kaleko 1. zenbakian. Etxe eder bat zegoen han, harrizkoa.13 urtez bizi izan nintzen han. Betiko moduan, orduko jauntxoek bota egin zuten. Gu errentariak ginen, hiruzpalu familia ginen eta joan egin behar izan genuen. Nik ez nituen nire amama-aitonarik ezagutu, Bat bera ere ez. Nire aita familiako gazteena zen, neu ere bai nire familiakoa. Orain dela 25 bat urte, arantzatxo hori neukan; gainera, aita galdu nuen 16 urte nituela. Nik nire arbasoen jatorria jakin nahi nuen. Eta osasun arazo bat izan nuen, ezintasun osoa eman zidaten, eta orduantxe hasi nintzen.

Zertan?

Familiako gaiak topatzen, argazkiak…  senitarteko guztiei buruzkoak. Gero, artxiboetan begira hasi nintzen. Bergarakoetan hasi nintzen, hemen bizi bnintzelako, baina elizako artxiboetatik, Gipuzkoako artxibo orobintzial historikoetatik, notarioen artxiboetatik, publikoetatik zein pribatuetatik -Olaso, Monzon…-pasatu nintzen, eta Soraluzekoetatik ere bai. Nire enborretik adar asko irteten ziren. Amametako bat Bergarako Lezarrigain baserrikoa zen eta beste bat Agarrekoa. Eta tiratzen hasi, eta denok itxita geundenean COVIDarekin, Soraluzeko artxiboan begiratzeko baimena eskatu eta egunero Iturburura joaten nintzen, artxibora sartu, eta hilabeteak pasa nituen han zegoen dena errepasatzen. Eta artxiboak begiratzen daramatzat 27 urte. Eta apurka-apurka nire arbasoen historia egiten joan nintzen. Soraluzeko ia baserri-auzo guztietatik nator ni, gainera, dokumentatuta dago hori.

Eta horregatik egin duzu baserri auzo guztietakoak?

Bai; hasi nintzen San Andreskoa publikatzen, bizilagun gehien dituelako. Gero, Ezozi. Eta Txurrukakoak ere eginda nituenez, iaz esan genuen, zergatik ez biak egin? Eta hala egin genuen, Ezozi eta Txurruka -azken hori lehen San Andres zen-.

Eta orain, zer?

Honek ez du bukaerarik. Begira, joan den astean Oñatin egon nintzen probintzia artxiboan eta San Andresko auzoari buruzko informazio gehiago topatu nuen. Eta segi eta segi egiten duzu, batetik edo bestetik tiratuta. Hemen ere, seguru aski, Bergaran egin dudan moduan egingo dut. Han, abizenekin hasi nintzenean lortu nuen horrenbeste informazio ezen web orri bat egitea erabaki nuela, Bergarako baserriak, eta hor daukat publikatuta informazio mordoa, baserri bakoitzari buruz idazten dudana. Hori daukat Bergarko Udalari doaintzan emanda orain dela bost urte inguru. Eta eguneraketaz neu arduratzen naiz. Baserriaren argazkia atera, kokapena… eta historia egiten dut, eta, idazten joaten naiz. Argitaratzen dut 1930-50era arte, hortik aurrerakorik ez dut ateratzen. Gaur egungo gauzetan gatazka asko egoten dira, eta hartu nuen erabaki bat: 1950era artekoa lantzea, ez gehiago, ez baldin bada, euren baimenarekin. Hainbatek eskatu didaten geroagokoak ere ateratzea, baina ez dut ateratzen, informazio pribatua errespetatu egin behar baita.

Eta lanean segituko dugu. Bizitzarekiko jakinmina dudalako. Horrela ez balitz, ez nuke libururik idatziko.

Lan hori egiteko eguneroko errutinaren bat duzu?

Bizitzeko plana da gehiago. Nik bat-bateko heriotza izan nuen, eta, oroitzapenen zati bat galdu nuen. Orduan eman zidaten ezintasuna, eta esan zidaten lanari laga behar niola. Baina nik  Armeria Eskolan maestria ofizial ikasketak eta Kordobako Unibertsitatean ingenieritza ikasketak egin nituen eta ondo zihoakidan; lanean ere ondo zihoakidan, Eibarren, Sigman, MCCn eta Tornilleria Deban. Oso oroitzapen ona dut ordukoa. Bizitza betea nuen. Hura laga behar izan nuenean… 50 urte nituela, tribunaleko medikuak esan zidan aurrerantzen Kontxan gora eta behera paseatu besterik ez nuela egin beharko, eta nik esan nion nik bakarrik lana egiten nekiela. Zer egin behar nuen? Nire bizitzarekin zerbait egin behar nuen. Eta orduantxe hasi nintzen nire arbasoei buruz ikertzen. Eta horixe izan zen nire bizitza-plana; hori eta eskuzko lana, egurrez tailatzen dut. Adibidez, Soraluzeko Udalari oparitu diot Soraluzeko bista bat egurrez landutako, Kalebarren, eliza… inguruko bista bat, egurrezkoa. Bestalde, baserri-auzoen liburuen ondoren, baserritar batzuek ere esan didate nirekin zorretan daudela egindako lanarengatik. Nik lan horrekin ez dut dirurik irabazten, eta halakoek poz izugarria ematen didate. Hori da nire bizitza plana.