Harmailari berari dagokionez, ezkerreko eskaileretako baranda jartzea falta da –metalezkoa–, baita bi eserleku ere. Azken horiek harmailen goiko aldean jarriko dituzte: bata, miradorearen ondoan; eta bestea, miradoretik ezkerretara; haiek ere estaliko dituzte egurrez.
Eta harmailaren beheko aldeari dagokionez, berriz, joan den astean bukatu zuten ibai ondoko egurrezko plataforma. Berdea da, eta tratamendu berezia dute oholek, hezetasunari aurre egiteko eta labainkorrak ez izateko. Harmailaren eskumako zein ezkerreko paretak ere egur berberarekin forratu dituzte. Horrez aparte, harmailaren aurreko aldeko platanondoak moztu egingo dituzte datozen egunotan; halaxe esan du obra egiten ari den Lurkide enpresako Jon Mikel Murua obraburuak.
Hark berretsi du, lehenago esan bezala, Gaztañerrerako bukatzeko asmoarekin dihardutela lanean.
"Herria ibaira gerturatu"
Hain zuzen, egiturak bederatzi harmaila ditu plazatik ibairaino, ezkerreko aldean eskailerak eta eskuman miradorea, plazaren kota berean, harmailak jaitsi ezin dituztenentzat. Azpiko aldean sortu den barne-hutsunea, berriz, Udalak erabiliko du, biltegi moduan. Bestalde, galtzada-harri grisez estali dute harmailaren aurreko plazako zorua.
Obra urtarrilaren 12an hasi zuten. Lehenengo, plazako antzinako platanondoetako bat moztu egin zuten; gero, aroztegi zaharra eraitsi egin zuten; eta ondoren hasi ziren harmailak eraikitzeko lanak. Aurrekontuari dagokionez, 355.717,79 euro –gehi BEZa– izan zen esleipeneko kopurua.
Oro har, Udalak azaldu zuenez, Plaza Zaharreko harmailaren proiektuak "herria ibaira gerturatu eta harekin are gehiago konektatuko du; horretaz gain, lotura zuzena du ibaia herri paisaiako elementu garrantzitsu gisa definitzen duen prozesuarekin".
Pareta gordeta dago
Bestalde, obrak adjudikatu zireneko aurreikuspena zen bost hilabetean bukatzea. Baina geldialdia izan zuten obrek.
Ezustean, pareta bat topatu zuten lurrak hondeatzen ari zirela, otsailean. Protokoloari jarraiki, obrak gelditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zioten haren berri. Martxoan, Diputazioak bidalita, Arkeolan Fundazioko aditu bat izan zen pareta aztertzen. Udalerriaren erdigune osoa bezala, esparru hura ere babestuta dago; beraz, pareta ere babestuta laga beharra zegoela esan zuten, nahiz eta ezin izan zuten argitu zeren edo zertarako pareta zen. Kontuak kontu, Diputazioak, ebazpenez, Udalari obrekin aurrera segitzeko baimena eman zion, pareta ez eraisteko baldintzarekin. Hori betetzeko, bere horretan gorde dute pareta, berriro ere lurpean, eta hantxe geratuko da ezkutuan.