Atzo, zapatua, Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Azokan eskuratu zuen Euskal Herriko ahuntz-gaztarik onenaren saria Egotzako Nagore Martinek. Bigarren izan zen Nafarroako Otxokaingo gazta eta hirugarren Nafarroako El Moro.
Egotzatik pasta prentsatutako ondutako gazta aurkeztu zuen Nagore Martinek. Emandako saria izan zen egurrezko diploma eta jan-edan gozoz osatutako otarra.
Saritik harago, Tolosako azokak ahuntzari eta ahuntzetatik eratorritako produktuei ematen dien aitortza da garrantzitsua Nagore Martin ekoizlearendako: “Egia esan, niretzat lehiaketa horretara gazta bidaltzearen arrazoia ahuntz-gaztari nazio-mailan ematen zaion ikusgaitasuna da. Nik ez dut inoiz bidali nazio-mailako beste lehiaketetara, baina lehiaketa hau desberdin ikusten dut. Bertakoak gara lehiakide eta niretzat ahuntzari buruz hitz egitea oso garrantzitsua da; gu hasi ginenean, leku batzuetara ez ziguten joaten lagatzen ahuntzarena izatearren”.
91 produktu lehian
Euskal Herriko Gazta eta Esnekien V. Azokan zortzi kategoriatan banatutako gazten lehiaketa izan zen atzokoa: gazta freskoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ardi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, jogurtak eta behi-esne pasteurizatua.
Aurten, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 35 gaztandegitako 91 produktu izan dira lehian.
