Biharko grebarekin bat egiteaz gain, azarorako mobilizazio gehiago iragarri dituzte pentsiodunen mugimenduek

Ubane Madera Zangitu

Atzo, pentsiodunen mugimenduaren indarra partekatu zuten asteroko elkarretaratzean. Esan zuten Hego Euskal Herriko 800 pentsiodun baino gehiago elkartu direla Gasteizko topaketa batean. Bertan,  mugimenduaren eraginkortasuna eta lorpenak baietsi zituzten eta berdin segitzeko asmoa erakutsi. “Gezurrekin pentsioak murriztu eta pribatizatu nahi dituztenei esaten diegu 2018an ez zirela pasa eta 2026an ez direla pasako”. Hala, biharko greba babesteaz aparte, azaroaren 21erako eta 23rako mobilizazio gehiago iragarri zituzten.

Atzoko elkarretaratzean jakinarazi zutenez, azaroaren 3an, Hego Euskal Herriko “80 herri eta hiri” pasako “800 pentsiodun baino gehiago” elkartu ziren Gasteizen. Topaketan, pentsiodunen mugimenduen eraginkortasuna azpimarratu zuten harro: “Aurrerapausoak lortu ditugu, eta gezurrak agerian jartzen lagundu dugu, mehatxuak geldiarazi ditugu, eta iraunkortasun, duintasun eta konpromiso sozialaren eredua den etengabeko mobilizazioari eusten diogu, eta horretaz harro gaude”.   

Hala, eta ikusita “betiko gezurrak darabiltzaten alderdi batzuek” pentsioen sistema publikoari “eraso” egiten diotela eta “pentsio publikoak murriztu” nahi dituztela, esan nahi diete 2018an bezala, “2026an ez direla pasako”.

Bi gobernuei eskariak

Osterantzean, eskariak egin zizkieten Estatuko gobernuari zein EAEkoari.

Estatukoari, pentsioen erosteko ahalmena konpentsatzea eta gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea, 40 urtetik gora kotizatu dutenei koefiziente murriztaileak indargabetuz.

Jaurlaritzari, berriz, gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko osagarria eskatu zioten.

Eta iragarri zuten helburu horrekin 80 mobilizazio bainogehiago egingo dituztela azaroaren 21en eta 23an.

Biharko grebarekin bat

Halaber, bihar sindikatuek deitutako greba orokorra babestu egiten dutela ere jakinarazi zuten, “pentsioak, soldatak eta etxebizitza aberastasunaren banaketa ekitatiboaren aldeko borroka beraren parte baitira”.

Bi eskari nagusi egin nahi dituzte:

  • “Aterpe-eskubidea aktibo finantzario bihurtzen duten inbertsio-funtsekin eta espekulatzaileekin amaitzea.
  • Soldatak igotzea eta LGS propioa ezartzea, bai EAEn, bai Nafarroan, langile guztiek  bizi-baldintza duinak izango dituztela bermatzeko”.