A11 GREBA OROKORRA

Soraluzeko ikastetxeetan eragin handia izango du biharko greba orokorrak

Ubane Madera Zangitu

Plaentxi Eskolan, Soraluze BHI Institutuan zein Haurreskolan eragin handia izango du biharko greba orokorrak. Plaentxi Eskolatik jakinarazi dutenez, gutxieneko zerbitzuak izango dituzte eta jangela itxita izango da. Soraluze BHI Institutuan, berriz, 3. eta 4. DBHko ikasleen gehiengoak bat egingo du grebarekin, eta, ikastetxeak aditzera eman du ezingo direla “klaseak normaltasunez bermatu”. Institutuko jangelan ere ez da zerbitzurik izango. Eta Haurreskolan ere, gutxieneko zerbitzuak bakarrik egongo dira.

Bihar, A11ko Greba Orokorraren deialdiaren harira, gutxieneko zerbitzuak izango dira herriko ikastetxeetan.

Plaentxi Eskolako zuzendaritzatik jakinarazi dute “eragin handia aurreikusten” dela eta jangela itxita izango dutela ezin delako “zerbitzua bermatu”.

Soraluze BHI Institutuan, berriz, 3. eta 4. DBHko 76 ikasleetatik 63k babestu egin du Ikasle Sindikatutik egindako greba deialdia, eta, bihar ez dira ikastetxera joango. Ikasleen sindikatuak honako leloarekin deitu ditu ikasleak biharko grebara: Etxebizitza eta hezkuntza duinak, publikoak eta unibertsalak. Errentatzaileei eta murrizketei aurre egin.

Institutuari berari dagokionez, berriz, esan dute ezingo dituztela “klaseak normaltasunez bermatu” eta ikastetxera joaten diren ikasleak, “irakaslea ez dagoen kasuetan, zaintzen bitartez artatuko” direla. Halaber, jakinarazi dute “jangela zerbitzurik ez dela eskainiko”.

Azkenik, Soraluzeko Haurreskolari dagokionez, hango langileek bat egingo dute biharko grebarekin, eta, gutxieneko zerbitzuak betez, langile bakarrak eskainiko du zerbitzua.