A11 GREBA OROKORRA

Greba eguna ixteko, elkarretaratze jendetsua egin dute Plaza Barrixan

Ubane Madera Zangitu

Gaur iluntzean, 190 lagun inguru elkartu dira Plaza Barrixan "etxebizitza eskubidearen alde, pobretzearen aurka, soldatak igotzearen alde eta denon eskubideak bermatuko dituzten kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen defentsan". Gazteak, helduak, edadetuak zein umeak izan dira, pentsiodunen mugimenduko kideak, udal ordezkariak ere bai, eta noski, baita gaurko greba eta mobilizazioak antolatu dituzten sindikatuetako eta elkarteetako eragileak ere.  

Elkarretaratzearen amaieran, langileriaren itoaldia arinduko luketen berehalako neurriak exijitu dituzte, besteak beste, etxegabetze guztien etetea eta alokairuaren prezioaren jaitsiera. Eta Espainiako gobernua zein euskal erakundeen papera jarri dituzte jomugan, etxebizitzaren negozioa indartzen duten politiketan duten ardura agerian utziz.