Denboraldiko lehen zuhaitz landaketa egingo dute datorren zapatuan Soraluzen

Ubane Madera Zangitu

Soraluzeko Baso Biziak elkarteak jakinarazi duenez, azaroaren 21ean egingo dituzte 2026ko lehen zuhaitz landaketak, Lurgaia Fundazioko kideekin batera. Lehen hitzordu horretan, Askabeitiko herri-lurretan landatuko dituzte zuhaitzak, "herri basoak izan daitezen, denon onerako". Izen-ematea zabalik dago.

Ohi dutenez, bertako zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak landatuko dituzte, eta iragarri dute goiz amaieran hamaiketakoa partituko dutela landaketara doazenen artean.

Herritarrak landaketan parte hartzera animatu dituzte. Guztia antolatzeko, izena ematea komeni da. Horretarako bidali behar da e-mail eguena 19  baino lehen helbide hauetako batera (Gaia : azaroak 21 Soraluze): soraluzekobasobiziak@gmail.com edo info@lurgaia.org.

Ekimenera ura eramatea gomendatu dute. Baita praka luzeak eta mendiko edo ur botak ere; eta euria bada, euritakoa eta uretako arropa. 

Azaroaren 21erako 09:00etan egin dute hitzordua, San Andresko aparkalekuan, elkarrekin autoan igotzeko.