GAZTAÑERRE AZOKA 2026

Jendetsu dator Gaztañerre bihar

Ubane Madera Zangitu

Udal langileak buru-belarri ari dira Gaztañerrerako prestaketa-lanak egiten. Aurten ere jendetsu dator. Horren erakusle, herriko jatetxe eta elkarte gastronomiko guztiak beteta daude, aspalditik egon ere. Eta Plaza Zaharreko karpa ere mukuru izango da bihar, 180 bazkaltiar hartuko ditu 15:00etan.

Urteak dira Gaztañerre Azoka egun handia dela Soraluzen. Lagun artean edo familian elkartu eta baba-jana egiteko ohitura indartsua da. Aspaldiko lagunak elkartzen dira, kanpoan bizi diren soraluzetar asko herrira bueltatzen dira eta elkarte gastronomikoak eta jatetxeak bete-beteta egoten dira; bada baba-jana egiteko lokal partikularra erabiltzen duenik ere. 

Aurten ere halaxe da. Gainera, Txurruka jatetxearen faltan, lekua urriagoa da. Batzokian, adibidez, kontatu dute aurtengoa egin barik, datorren urterako ja 30 lagunek eginda dutela erreserba; Itxaropena Erretiratuen Elkartean egundoko itxarote-zerrenda dago, lehenengo bazkideei ematen baitiete lehentasuna; eta, adibidez, Edurtzan bi kuadrilla kabitzen dira, eta urtero dago hura ere beteta.

Elkarteetan hilabete lehenago

Bestalde, elkarte gastronomikoetan egoera berbera da. “A tope” daude, hala esan dute, adibidez, Allegrotik. Elkarteetako bazkideek kontatu dutenez, gehienek dute ezarrita data jakin bat Gaztañerre Egunerako izena emateko, hilabete lehenago, gutxi gorabehera.

Hala, elkarteetako hainbat bazkide, egun horren bezperan, gauerdira arte zain egoten dira izena ematen lehenak izateko. Batzuetan, egun horretan afaria egiteko ere aprobetxatzen dute.

Beste elkarte batzuetan, berriz, mahaien zozketa egiten dute izena eman dutenen artean.

Herri baba-jana

Eta herri baba-janean errepikatu egiten da erretratua. 160 lagunendako tiketak urriaren 18an (domeka) salgai jarri, eta ordubetean agortu ziren; erosi zutenak, gainera, ordubete lehenago egon ziren Iratxoren kanpoko aldean zain. Horrez aparte, beste 30 lagun geratu ziren itxarote-zerrendan, norbait azken momentuan joan ezinda geratuko den esperantzarekin.

Azkenik, herriko bi harategiek odolosteak, saiheskia eta bestelakoak saldu eta saldu ari dira. 40 kilo odoloste saldu zituzten iaz Okelian, eta 29 Iñarran. Kopuru horien gainetik dabiltza aurten. Aparte, eskaintza bereziak egin dituzte aurten: baba-jana prestatzeko kita, etxeetan egitea ere errazagoa izan dadin.