Gaur, greban dira Soraluze BHI Institutuko ikasleak, Europako Ikasle Grebarekin bat eginez

Ubane Madera Zangitu

Gaur, azaroak 20, Soraluze BHI Institutuko 3. Eta 4. DBHko ikasleak greban daude, Ikasle Sindikatuak deituta, Europako Ikasle Grebarekin bat eginez. Gazteen etorkizunaren defentsan, hezkuntza publikoa aldarrikatzen dute; iritzia eman eta hura aintzakotzat hartzeko eskaria ere egiten dute eta “faxismoaren, militarismoaren eta gerren aurka” azaldu dira. “Guk ez dugu gorrotorik nahi, ezta gerrarik ere”, azpimarratu dute.

Hiru aldarri nagusi haizatu nahi dituzte gazteek gaurko grebaren bitartez.

Batetik, “hezkuntza guztion eskubidea” izan dadila, eta, horretarako hezkuntza publikoa defendatu dute.

Bestetik, “iritzia emateko eta protestatzeko” eskubidea eta euren iritzia kontuan hartzea. “Gazteok ere gizartearen parte gara eta gure iritziak kontuan hartu behar dira”, diote komunikatuan.

Hirugarrenik, “giza eskubideak defendatzen” dutela aldarrikatu dute, eta hori horrela, adierazi dute “faxismoaren, militarismoaren eta gerren kontra” daudela eta “bakea, askatasuna eta giza eskubideak defendatzen” dituztela.

Ildo beretik, azpimarratu dute ez dutela “gorrotorik nahi, ezta gerrarik ere”, eta, adierazi dute ikastetxean LGTBI eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurka egingo dutela.