Bihar, egun osoko futbol topaketa izango da Soraluzen, Realak antolatuta

Ubane Madera Zangitu

Bihar, domeka, goizean hasi eta iluntzera arte, 15 minutuko futbol partiduak izango dira Ezoziko Futbol Zelaian. Hain justu, Real Sociedad Fundazioak futbol eskolaren baitan antolatutako topaketa jokatuko da Soraluzen. Aretxabaletako, Arrasateko, Oñatiko, Bergarako eta Urolako Alebin lehen mailako futbol taldeen arteko torneoa izango da.

Bihar, 10:00etan hasiko da Realak Soraluzen antolatu duen topaketa. Zelaia zatitu, eta aldi berean jokatuko dira bina partidu, bakoitza 15 minutukoa. Eta horrelaxe ibiliko dira iluntzeko 19:00ak ingurura arte, azkeneko partiduak 18:20an jokatuko baitira.

Sorak lau partidu

Etxekoei dagokienez, Soraluze Futbol Taldeko Alebinek goizean jokatuko dituzte euren partiduak, guztira, lau. Hain justu, etxekoak izango dira zelairatzen lehenak, 10:00etan, Elgoibar aurkari dutela. 10:20ean eta 11:00etan, berriz, Aretxabaletako UDA izango dute aurkari etxekoek, eta, 11:20an Mondraren kontra jokatuko dute.