XI. Herriz Herri Euskal Argazki Rallyen zirkuituko azken hitzordua izateak “zirrara eta amaiera berezia” ematen dizkio Soraluzeko hitzorduari eta horrek, besteak beste, argazkilari asko erakarri zituen atzoko hitzordura.
29 herritatik etorritako 73 partaide izan ziren, 49 gipuzkoar -tartean Soraluzeko lau- 19 bizkaitar, hiru nafar eta arabar bat. Haien artean, 23 emakumek parte hartu zuten, “joera gero eta oparoagoa berretsiz”, antolatzaileen esanetan.
Ohi denez, izena emateaz bat jaso zituzten argazkietarako bost gaiak. Haiek oinarri, herriko hainbat txokotan ibili ziren argazkiak ateratzen, tartean, ibai bazterrean, blues jaialdian eta Txoko tabernako hamaiketakoan. Aurten, honakoak izan dira gaiak:
- Ibaiertzeko fauna edota flora.
- Ikuspegi behartua: txikia handi.
- Arregia jauregia.
- “Kontrargik 40 urte” hamaiketakoa.
- Blues Hotsak jaialdia.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete parte-hartzaile guztiei, baita herritar eta babesleei ere, egindako ekarpenagatik eta bertako argazkilaritza mugimenduari emandako babesagatik. Esan dutenez, laster iragarriko dira saritutako lanak eta erakusketaren xehetasunak.