'Txillarreko sukaldaria'-ren ekarpena jasotzen duen lana aurkeztuko dute gaur Kultur Elkartean

Izaro Aulestiarte Lete 2025eko abenduaren 18a

18:30ean izango da Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek sortutako Txillarreko sukaldaria liburuaren eta izen bereko dokumentalaren aurkezpen ekitaldia.

Pello Rubiori egindako elkarrizketan oinarritu dute liburua, bai eta dokumentala ere. 2005-2006ko bake prozesura iristeko, bere etxean, Elgoibarko Txillarre baserrian, egin zituzten otordu-bileren berri ematen du Pello Rubiok proiektu honetan.

1999. urtean hasi zituzten bilerak Txillarren. Enpresa mundutik eta militantziatik ezagutzen zituen bi lagun elkartu zituen Rubiok bere etxean, Paco Egea eta Arnaldo Otegi, politikoki elkarrengandik urrun zeuden bi mundutakoak, alderdi sozialistakoa bata eta ezker abertzalekoa bestea. Paco Egearen eskutik iritsi zen Jesus Egiguren Txillarrera, eta iritsiko ziren gero beste batzuk ere, alderdi batekoak zein bestekoak. Eta han, bortizkeria-egoeratik bake girora egiteko egin ziren bileren berri ematen du Rubiok, bai liburuan eta baita dokumentalean ere.

Bake bide bat urratzen lagundu zuen baserritarraren dokumentala herriz herri dabil azken asteotan. Deban gaur (abenduak 18) egingo duten aurkezpenean Asier Ibaibarriaga eta Edurne San Martin proiektuaren egileek parte hartuko dute. Euskeraz Bagera zikloaren baitan antolatu dute hitzordua.