Emakumezkoen pala txapelketa herrikoia antolatu du Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak. Urtarrilean abiatuko da txapelketa eta, zehaztu dutenez, neurketak teniseko pilotarekin jokatu ordez gomazkoarekin jokatuko dituzte estreinakoz, modalitate horri indarra emateko nahiarekin. Azpimarratu dutenez, emakumeen artean gomazko pilotaren erabilera sustatzea da txapelketaren helburu nagusia. "Jendeari gomazko pilota probatzeko aukera eman nahi diogu, beti tenisekoarekin ibili beharrean", azaldu dute.
Aldats pilotalekuan lehiatuko den txapelketa, oro har, motza izango dela jakinarazi dute. Gutxi gorabehera hilabete iraungo du; iragarri dutenez, urtarrileko ostegun arratsaldetan eta igande goizetan jokatuko dituzte norgehiagokak. Dena den, adierazi dute aurrerago emango dituztela txapelketari eta egutegiari buruzko xehetasun guztiak.
Dagoeneko zabalik dago izen-ematea. 16 urtetik gorako palistentzat egin dute deialdia eta, klubetik jakinarazi dutenez, abenduaren 31ra bitarte egongo da zabalik izena emateko epea. Parte hartzeko interesa dutenek 653 70 60 42 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali ahal dute beren datuekin. Bikotekako txapelketa izango den arren, antolatzaileek azpimarratu dute banaka eman behar dela izena. "Bikoteak gero antolakuntzak osatuko ditu, ahalik eta bikote parekatuenak sortzeko".