Olentzerok eta Mari Domingik ilusioz bete dute Debako Aldats pilotalekua

Nerea Bedialauneta Alkorta 2025eko abenduaren 24a

Haurren eta herritarren gozamenerako, gaur (abenduak 24) eguerdian Deban izan dira Olentzero eta Mari Domingi. Zaku bete opariz iritsi dira Gabonetako bi protagonistak; haien etorrerak ilusioa eta giro alaia zabaldu ditu herriko kaleetan zehar. 

Gaueko opariak banatzeari ekin aurretik, Olentzerok eta Mari Domingik geldialdia egin dute Deban. Menditik jaitsi ondoren, eguerdi bueltan heldu dira herrigunera, astoarekin batera, txistulari eta trikitilarien doinuek eta laguntzaile talde batek lagunduta.

Euria ari zuenez, urteroko kalejira ohikoa baino laburragoa izan da aurten, eta handik Aldats pilotalekura jo dute. Han, dozenaka haur eta heldu zituzten zain, eta ohiturari jarraituz, kantuan eman diete ongietorria.

Gabonetako hainbat kantu ezagun abestu ondoren, etxeko txikienek Euskal Herriko ikazkinik ezagunenarekin eta haren lagunarekin argazki batzuk ateratzeko eta haiekin tarte bat partekatzeko aukera izan dute. Besteak beste, haurrek ekarritako gutunak jaso dituzte, besarkada eta muxuen artean.