Autobusa antolatu dute larunbatean Sarek Bilbon egingo duen manifestaziora joateko

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko urtarrilaren 8a

Sarek iaz Bilbon egin zuen mobilizazioan ateratako irudia. Arg.: Sare

Ezin da gehiago luzatu lelopean, manifestazio nazionala izango da Bilbon urtarrilaren 10ean, larunbatez, Sarek deituta. Eta joan-etorria egiteko autobusa antolatu du, beste urte batez, Debako Sarek. Arrano elkartean eta Ieraenea dendan eman daiteke izena.

Sare Herritarrak urtarrilaren 10erako iragarri du urte hasieran Bilbon egin ohi duen mobilizazioa. 17:00etan abiatuko da, La Casillatik, Ezin da gehiago luzatu lelopean. Bertan, beste behin ere, euskal presoei espetxe politika arrunta ezartzea eskatuko dute, baita iheslarien eta deportatuen itzulera ere.

Urtero bezala, manifestaziora joateko autobus zerbitzua eskainiko du Debako Sarek; autobusa 15:40an irtengo da, geltokitik. Arrano elkartean eta Ieraenean egin daiteke izen-ematea.