Kultur Elkarteak herritarrak zerura begira jarriko dituen hitzaldi bat antolatu du biharko (urtarrilak 13). 18:30ean hasita, Virginia Garcia Pena (Donostia, 1979) dibulgatzaileak Eklipseen misterioak argitzen izeneko saioa eskainiko du euskaraz. Bertan, eklipseei buruzko azalpen erraz eta eskuragarriak emango ditu, gaia ulertzeko eta eklipseak behatzeko aholku praktikoak eskainiz.
Garcia Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko (FAAE) Zuzendaritza Batzordeko kidea da. Halaber, gaiari buruzko Eklipseak liburua ere argitaratu du, eta fenomeno horri buruzko ezagutzak zabaltzen dihardu. Eklipseek interes handia eragiten dutela kontuan hartuta, honako galderei erantzuten saiatuko da gonbidatua. Zergatik iluntzen da bat-batean eguna? edota Nola da posible ilargiak eguzkia estaltzea? bezalako galderei erantzungo die.
Hizlariak, gainera, gure lurraldeak hurrengo urteetan gertatuko den "egoera bereziari" helduko dio biharko solasaldian. Izan ere, denbora tarte horretan hainbat ilargi eta eguzki eklipse ikusteko aukera izango dela esan dute. Aipagarriena eta ikusgarriena, 2026ko abuztuaren 12an penintsulatik ikusi ahal izango den eguzki eklipse osoa izango da.