Kike Turmixi omenaldi berezia egingo diote larunbatean, urtarrilaren 24an, Deban. Hil eta hogei urte pasatxora, haren ibilbide musikala eta pertsonala goraipatuko dute senide, lagun eta musikazaleek, festa giroan.
Sortzez bilbotarra izan arren, Debarekin lotura estua izan zuen txikitatik Enrique Vitoriak –Kike Turmix ezizenez ezagunagoa–. Debako danborradako zuzendari izandako Isidro Vitoria Mami-ren semea eta Txema Vitoriaren anaia izateagatik ezagutzen zuten askok inguruotan, baina 80ko eta 90eko hamarkadetan punk-rock musikari gisa egindako ibilbideak nazioarteko ospea eman zion.
Musikariaren ibilbide artistikoa eta pertsonala goraipatuko dute, festa giroan
Musikaren hainbat eremutan aritu zen: Kike Turmix y los Pasapures, N-634 eta The Pleasure Fuckers taldeetako abeslaria izan zen, adibidez, baita disko-jartzailea, Safety Pin Records zigilu diskografikoaren sortzailea eta kontzertu-bira antolatzailea ere.
2005eko urriaren 17an zendu zen Kike Turmix, Madrilen, 48 urte zituela; bertan bizi zen 80ko hamarkadaz geroztik. Ez ziren gutxi izan Espainiako komunikabideetan kultur munduko eragileek nahiz norbanakoek zabaldutako albisteak eta dolumin mezuak. Eta, ildo beretik, ez da oharkabean pasa haren heriotzaren 20. urtemuga ere. Ez, behintzat, Deban, testuinguru horretan antolatu baitute hilaren 24ko omenaldia. Kultur Elkarteak berriki aurkeztu du hilabeteotan ondutako egitaraua.
Hauxe diote antolakuntza taldeko Iñaki Prietok eta Alex Turrillasek: "Hilabeteak daramatzagu omenaldi hau prestatzen, eta ilusioz aurkeztu dugu elkarlanaren emaitza. Rock-and-roll komunitatetik errespetuz prestatutako ekimena da, eta eskertuta gaude jasotako babesagatik".
Mahai-ingurua eta 'pintxadak'
Antolatzaileek urrian aurreratu zuten moduan, rock-and-rollik ez da faltako omenaldian. Baina, hortik harago, egun osorako ekitaldi sorta dakar egitarauak.
Mahai-inguruarekin hasiko dute eguna, 11:00etan, Kultur Elkartean. Bertan, omenduaren ibilbide artistikoa eta pertsonala ekarriko dute gogora. Nestor Sierra Coge el tren podcastaren aurkezleak gidatuko du solasaldia eta bost gonbidatu izango ditu mahaiaren bueltan jarrita: Margarita Gaffaro, Kike Turmixen alarguna; Jon Iturbe, musikaria; Eduardo Ranedo, musika-kritikaria; Txema Vitoria, Kike Turmixen anaia; eta Bergarako Jam aretoko eta Riff Produkzioetako programatzaile-arduradun Mikel Berasategi.
"Rock-and-roll komunitatetik errespetuz prestatutako ekimena da"
Ondoren, 13:00etan, binilo pintxada hasiko dute, Three Chords Daddy eta Juxeren eskutik, Arena tabernan. Eta leku berean, baina arratsaldez –17:00etan–, beste binilo pintxada bat izango da, Le Rougarou-ren eta Brain Squeezer-en eskutik.
Bazkaria eta kontzertuak
Festa giroak ez du etenik izango eguerdian, 15:00etan herri bazkaria egingo baitute Ozio-Bide elkartean.
Iluntzean, berriz, kontzertuak izango dira Gaztetxean. 20:00etan hasita, sei talde ariko dira bertan: John Dealer and The Coconuts, Txakurrak, Eh Mertxe!, Bamms, The Hot Dogs eta Nuevo Catecismo Catolico. Antolatzaileek azaldu dutenez, azken orduko aldaketa bat izan da egitarauan, osasun arazoak tarteko Safety Pins taldeak ezingo baitu emanaldian parte hartu. Sarrera borondatearen truke izango da; lortutako dirua antolakuntza gastuei aurre egiteko baliatuko dute.
Bideo azpitituluduna eta kanta argitaragabeak, eskura

Oso gaztetan ekin zion Kike Turmixek bere musika ibilbideari, eta ospe handia izan zuen, besteak beste, Eskandinaviako rock musikarien artean. Horren erakusgarri da Orange Productions ekoizpen-etxeak haren bizitzari buruzko dokumentala plazaratu izana 2005ean; Deban grabatutako irudiak agertzen dira bertan.
Bada, urtarrilaren 24ko ekitaldien harira, ingelesez ekoiztutako ikus-entzunezko horri azpitituluak jarri dizkio, oraintsu, Kultur Elkarteak, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. labur.eus/kiketurmixdokumentala helbidean ikus daiteke bideoa.
Halaber, Selenitas diskoetxearekin elkarlanean, musikariaren hiru abesti argitaragabe ere kaleratu dituzte, haren heriotzaren urtemuga borobilaren bueltan. 1987an Leonen grabatutako kanta horiek –bertsioak dira, 60ko hamarkadako rockaren estandarrak– Interneten izan dira entzungai lehenbizi, eta orain EP batean plazaratu dituzte, binilo formatuan. Salgai izango da omenaldi ekitaldian, 10 euroan.