Aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan aukeratutako lehenbiziko proiektuak datozen hilabeteotan gauzatuko dituela jakinarazi du Debako Udalak. Kioskoko komunak konpontzea, ibaiko eta hondartzako eremuan iturriak jartzea, gimnasioan hobekuntzak egitea, Inauterietako erromeria antolatzea eta urteko kultur eskaintzaren baitan Ispilu(h)ari programari jarraipena ematea. Lan horiek egiteko asmoa du 2026ko aurrekontuen lehen fasean.
Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua iaz egin zen, estreinakoz, udalerrian, herritarrak udalgintzan eta baliabide publikoen kudeaketan zuzenean inplikatzeko helburuarekin; herria hobetzeko proiektu zehatzak proposatzeko, baloratzeko eta bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek. Prozesua 2025eko urtarrilean abiatu zen, eta, udal iturriek gogorarazi dutenez, "parte-hartze handia izan zuen fase guztietan". Guztira, 438 proposamen jaso ziren, eta horietatik 33 hautatu ziren bozketa faserako. Azkenik, 600 pertsonak baino gehiagok bozkatu zuten beren proposamen gustukoenaren alde, eta, guztira, sei proiektu aukeratu zituzten.
Bost proiektuak, zenbakitan
Zumardiko kioskoko bainuak txukuntzeko 50.000 euroko aurrekontua izango du Udalak. Esku-hartze horretan hobetu egingo dituzte bainuak, irisgarriak eta erabiltzaileen beharretara egokituak izan daitezen, eta horretarako aukerak aztertzen ari direla azaldu dute udal iturriek. Hondartzako eta ibaiko pasealekuan ura edateko iturri berriak jartzeko, berriz, 3.000 euro bideratuko dituzte.
Udalak 16.856 euro inbertituko ditu Inauterietan erromeria herrikoia antolatzeko, eta beste 17.344 euro kontzertuen urteko programazioaren proposamena kudeatzeko; iazko urrian hasitako Ispilu(h)ari programak jarraipena izango du, eta urte osoan kontzertuak, emanaldiak eta ikuskizunak antolatuko dituzte.
Kiroldegiari dagokionez, 12.800 euro bideratuko dituzte hobekuntzak egiteko, gimnasioko instalazioetan ekipamenduak berritzeko eta herritarrei erabilera baldintza hobeak eskaintzeko helburuarekin.
Seigarren proposamena, 2027an
Proiektu horiez gain, herritarrek eskailera mekanikoak konpontzearen eta estaltzearen alde ere bozkatu zuten, eta jarduketa hori 2027an egin nahi dute, prozesu parte-hartzailean aurreikusitako bigarren fasean. 100.000 euroko aurrekontua izango du.
Jarduketa horiekin bukatuko da prozesua. Horren harira, Udal Gobernua gustura dago orain arteko bideaz. "Ekimenak erakutsi du Debako herritarrek parte hartzeko, ideiak aurkezteko eta beren egunerokoan eragina duenari buruz erabakitzeko gogoa dutela. Hasi berri dugun bidea da, baina jarraitzeko eta hobetzeko borondatea dugu", berretsi du Alazne Txurruka alkateak.