Bihar (otsailak 7) hartuko dituzte kaleak, zartaginak eta mailuak eskuan dituztela. 19:00etarako jarri dute hitzordua, Agirre jauregiko plazan, eta ordu erdi geroago abiatuko da desfile koloretsu eta zaratatsua kaleetan barrena.
Antolatzaileek iragarri dutenez, hiru geldiune egingo dituzte kalejiran: Berasaluze plazan lehenengoa, Plaza Zaharrean bigarrena eta Foruen plazan azkena. Lehenengo bi geldiuneetan pregoia, abestiak eta dantzak eskainiko dituzte Kaldereroek, eta Foruen plazan egingo dute ondoren emanaldi nagusia. Aurrez bi entsegu ireki egin ostean, sei abesti eta hiru koreografia egingo dituzte aurten.
Harrera polita
2020. urtean berreskuratu zen Deban Kaldereroen etorrera, urte luzez galduta egon ondoren. Eta ekimenak harrera polita izan du azken aldietan.
Beste behin ere, Gure Kairi, Udalari, Kalean Kantuzi, Aitzuri Abesbatzari, Debako Kontalariei eta, besteak beste, Musika eta Dantza Eskolako kideen laguntzari esker egingo da ikuskizuna.