Debako irisgarritasuna hobetzeko ekintzak aurkeztu ditu udalak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 10a

Autoak Hondartza kalean aparkatuta. ARGAZKIA: Debako Udala

Aurten egingo dituzten lanen artean bost ekintza nagusi aipatu dituzte udal iturriek: Hondartza kaleko aparkalekuak birantolatzea, San Josepe kalean barandak jartzea, hondartzara sartzeko arrapaletan barandak ezartzea, hondartzan pasabide berriak egitea eta Arakistain plazako irisgarritasuna hobetzea.

Tokiko erakundetik jakinarazi dutenez, lan horiek guztiak gauzatzeko 150.000 euro baino gehiago bideratuko ditu Udalak. "Ekintza hauen helburua oztopo arkitektonikoak ezabatzea da, herritar guztiek, haien gaitasunak edozein direla ere, sarbide erraza izan dezaten". Gaineratu dutenez, proiektuek "ingurune segurua eta irisgarria sortzea" bilatzen dute, eta horrela, "pertsona guztiek autonomia handiagoa izan dezaten eta udalerriko eguneroko bizitzan modu aktiboan parte har dezaten".

Testuinguru horretan, gogorarazi dute aurreko urtean, 2025ean, abiarazi zutela Irisgarritasun Unibertsalaren Plan Integrala (PIAU) deritzona, "udalerriko biztanle guztien bizi kalitatea hobetzeko, gaitasun fisiko, sentsorial eta kognitiboak dituzten pertsonen beharretarako egokitutako inguru egokitua eta irisgarria sustatzeko". Planak, hain zuzen, udalerriko txoko guztietan irisgarritasuna bermatzea du helburu, "espaloi eta eraikin publikoetatik hasi eta garraio eta zerbitzuetaraino". 

"Urrats garrantzitsua ematen ari gara Deba herri inklusiboagoa eta irisgarriagoa izateko konpromisoan. Bizilagun bakoitzak, bere gaitasunak kontuan hartu gabe, ingurune egokia eta oztoporik gabe gozatu ahal izatea nahi dugu", nabarmendu du Alazne Txurruka alkateak. Erantsi duenez, 2026rako aurreikusitako ekintzak datozen urteetan aurrera jarraituko duen prozesu baten hasiera baino ez dira. "Helburua Deba leku justuagoa izatea da, pertsona guztiak barne senti daitezen".