Ikastaroa goizez izango da, 10:30etik aurrera, eta doakoa izango da. Nolanahi ere, antolatzaileek ohartarazi dute edukiera mugatua izango duela (20 pertsonakoa gehienez) eta, beraz, izena aurrez eman behar da. Internet bidez egin daiteke, labur.eus/papertailerrakultur estekan.
Marino Ayala papergintzako ingeniari teknikoak (Ekora, Araba, 1956) emango du tailerra. Ikasketak Tolosako paper eskolan egin ondoren, urte luzez aritu da paper lantegietan lanean. Eta, erretiroa hartuz geroztik, dibulgazio lanetan dabil orain. Tailerrak ez ezik, hitzaldiak ere ematen ditu paperaren historia zabaltzeko. Halaber, Victor Placencia ikerlariarekin batera, La Navarra papelera del siglo XIX. Un caso singular liburua kaleratu zuen iaz.