Ondargain taberna babesteko duna artifizial bat eraiki dute

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 13a

Helburu nagusia da taberna babestea eta olatuen eraginez hondartzatik harea galtzea eragoztea. 

Azken hamarkadetan, otsaileko eta martxoko marea biziek olatu handiei bidea ematen diete, eta horiek Ondargain tabernan kalte materialak eragiten dituztela jakinarazi du Debako Udalak. Egoera horri aurre egiteko, hondarrezko duna artifizial handi bat eraiki dute hondartzan, Ondargain tabernaren parean; lanak atzo (otsailak 12) goizean abiarazi zituzten. 

Tokiko erakundeko iturriek azaldu dutenez, proiektuaren helburua da landaretzarik gabeko duna artifizial bat sortzea, olatuen indarra murrizteko. Zehaztu dutenez, olatuek hondarrezko oztopo horren kontra joko dute lehenengo, tabernara iritsi aurretik. Bestalde, hondarrezko horma horrek harea pasealekura ez mugitzea bermatuko duela ere gaineratu dute: "Hau da, hondartzako harea galtzea ekidingo du", zehaztu dute. 

Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gaiak eta Itsasertzeko Zuzendaritzaren baimena du, eta Udalak azpimarratu du helburua dela "elkarbizitza sustatzea eta harea galera ekiditzea, Ondargain taberna eta hondartzako pasealekua babestuz".