Aratusteak-Inauteriak Debabarrenean

Haizeak eta euriak ez dute Debako inauteri giroa zapuztu

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 14a

Euri zaparradek eta haizeak ohiko egitarauan aldaketak eragin badituzte ere, inauteri girorik ez da falta izan gaur (otsailak 14) Deban. Eguraldi kaskarrari aurre eginez, herritar ugari atera da kalera, irudimenez betetako mozorroak jantzita.

Eguraldi iragarpenak tarteko, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute gaur (otsailak 14) eguerdirako aurreikusita zegoen mozorro desfilea. Eguneko ekitaldirik jendetsuena egin ez bada ere, egitarauari eusteko ahalegina egin dute. Hala, desfilearen ondoren egin ohi den photocall-a aterpean egin dute, udaletxe azpiko arkupeetan.

Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, adin guztietako herritarrek parte hartu dute lehiaketan. Bertan bildu dira kuadrillak eta karrozak, euren mozorroak erakutsi eta argazkiak egiteko.

Guztira, hemezortzi taldek eman dute izena:

  • Bederatzi talde mistoen kategorian.
  • Talde bakarra 16 urtetik beherakoen mailan.
  • Hiru 16 urtetik beherakoen taldekako mailan.
  • Lau 16 urtetik gorako taldekako kategorian.
Irudimena protagonista

Eguraldi txarrak ez ditu kikildu debarrak; bustita amaitu badute ere, jai giroaz gozatzeko aukera izan dute.

Beste behin, irudimena izan da protagonista jantzietan eta karrozetan. Batzuek mozorro klasikoen alde egin dute, eta beste askok proposamen landuagoak plazaratu dituzte, hala nola: curling talde bat, telebistako Un, dos, tres saio ezagunaren parodia, Kalean Kantuz irudikatzen zuen kuadrilla, baita Stranger Things telesaileko eta E.T. filmeko pertsonaiak ere.