Debako Udalak lizitaziora atera du Zaintza Ekosistema gidatzeko aholkularitza zerbitzua

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 23a

Kontratuaren iraupena urtebetekoa izango da, 74.609,81 euroko aurrekontuarekin. Eskariak hilaren 25a baino lehen aurkeztu behar dira, Euskadiko Kontratazio Plataformaren bitartez. 

Tokiko Zaintza Ekosistema abian jartzeko aholkularitza teknikoaren zerbitzua lizitaziora atera du Debako Udalak. Azaldu duenez, helburua da Udalari beharrezko tresnak ematea zainketen tokiko ekosistema indartzeko eta egonkortzeko, adinekoei zainketak modu jarraituan, irisgarrian eta banakako beharretara egokituta eskaintzeko. Zaintza-sistema horrek pertsonaren arretarako eredura egindako trantsizioa babestea du xede, "elkarren zaintzan komunitatearen parte-hartze aktiboa eta erantzukizun partekatua sustatuz". 

Lehiaketa publikoa irabazten duenak prestakuntza eta aholkularitza eskainiko die udal taldeari zein prozesuan parte hartzen duten eragile sozial eta komunitarioei. "Aholkularitza hori funtsezkoa izango da zaintza sistema modu eraginkorrean egituratzeko, haren jasangarritasuna eta eraginkortasuna bermatzeko", diote udal iturriek.