Debako artisten kolektiboarekin elkarlanean, 2026ko Gazte Artista Bisual Berriak Sariaren deialdia aurkeztu Debako Udalak. Sustatzaileek azaldu dutenez, ekimenak artista gazteek sarri izaten dituzten erakusketa- eta finantzaketa-zailtasunei erantzutea du xede.
Egitasmoaren asmoa da sortzaile berriei bultzada ematea eta haien lanak zabaltzeko aukera erraztea, eta horretarako, hautatutako proiektua Debako Santa Maria elizako klaustroan jarriko dute ikusgai. Antolatzaileek zehaztu dutenez, Euskal Herrian jaio edo bizi diren 35 urtetik beherakoek (zazpi probintziak barne) parte hartu ahal izango dute. Lanak bakarka nahiz gehienez lau laguneko taldean aurkez daitezkeela ere gaineratu dute.
Nola eman izena?
Eskabideak www.deba.eus webgunean erregistro bidez edo udaletxeko harrera zerbitzuan aurkeztu ahal izango dira, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Proposamenak bidaltzeko epea apirilaren 30ean amaituko da.
Parte-hartzaileek honako agiri hauek erantsi beharko dituzte:
-
Proiektuaren deskribapen zehatza.
-
Obren irudiak (15 gehienez banakako proposamenetan, eta 20 talde-lanetan)
-
Artistaren edo kolektiboaren curriculuma jasotzen duen dossierra
Saria eta erakusketa
Epaimahaiaren erabakiaren ondoren, hautatutako sortzaileak 4.000 euroko saria jasoko du, eta bere lana Santa Maria elizako klaustroan egongo da ikusgai ekainaren amaieratik uztailaren amaierara bitartean; erakusketa abuztuaren amaierara arte luzatzeko aukera ere aurreikusi dute.
Argibide gehiago nahi dutenek kultura@deba.eus helbidera idatzi dezakete.