Debako Udalak 20.000 euro banatuko ditu herriko kirol egitasmoak sustatzeko

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 24a

Irabazi asmorik gabeko kirol klub eta elkarteek martxoaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.

Debako Udalak dirulaguntzen deialdia ireki du, 2025ean udalerrian kirol eta jarduera fisikoko ekintzak sustatu dituzten irabazi asmorik gabeko kirol klub eta elkarteei laguntza ekonomikoa emateko. Guztira, 20.000 euroko aurrekontua izango da.

Udalaren helburua da kirol jarduerak sustatzea eta finkotzea, herritarren ongizatea eta integrazioa sustatuz, "kirolean parte hartzea maila guztietan bultzatuz, prestakuntza errendimendu handikoetara". Era berean, udalerriko balioekin bat datozen proiektuak babestuko dira, bereziki  berdintasuna, gizarteratzea eta euskararen erabilera lantzen dituztenak.

Zer finantzatuko da?

Laguntzek 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatutako jarduera arruntak estaliko dituzte. Esleipena lehia-prozedura bidez egingo da, eta honako irizpide hauek kontuan hartuko dira:

  • Erakundearen egitura.

  • Federazio-lizentzien kopurua.

  • Parte hartzen duten lehiaketen eremua.

  • Langileen prestakuntza teknikoa.

  • Autofinantzaketa-maila

Halaber, balorazioan pisua izango dute genero-ikuspegia txertatzeko neurriak, dibertsitate funtzionalaren integrazioa eta euskararen erabilera.

Baldintzak eta epeak

Laguntza jaso nahi duten erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Irabazi asmorik gabeko kirol klub edo elkarteak izatea, Deban ezarri eta erregistratuak.
  • Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, eta Debako Udalarekin zorrik ez izatea.
  • Kirol-jarduerak batez ere Debako udalerrian gauzatzea.
  • Antolaketa-egitura egokia izatea eta eskabideak aurkezteko epeak betetzea. 

Lehentasuna izango dute gizarteratzea, genero-berdintasuna eta euskararen erabilera sustatzen duten eskaerek. 

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, eta 2026ko martxoaren 13ra arte egongo da zabalik. Izapideak elektronikoki aurkeztu beharko dira, Udalaren erregistroaren bidez, deialdiaren oinarrietan zehaztutako dokumentazioa erantsita.