Europako Jiu-Jitsu Txapelketarako txartela lortu du Haitz Irustak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko otsailaren 27a

Haitz Irusta Espainiako Jiu-Jitsu Txapelketako podiumean. Argazkia: Oinatz Irustak lagatakoa.

Zilarrezko domina bat eskuratu du Espainiako Txapelketan; Oinatz anaiak ere maila handiko aurkariei egin die aurre.

Otsailaren 20tik 22ra jokatu da Espainiako Jiu-Jitsu Txapelketa, Las Palmas Kanaria Handikoan. Hitzordu horretan izan dira Oinatz eta Haitz Irusta Garcia debarrak, euskal selekzioaren koloreak defendatzen.

Bi anaien artean, Haitzek lortu du emaitzarik esanguratsuena. Gazteenak bigarren postua eskuratu du grappling gi modalitatean, 15 urtez azpikoen mailan, 47 kiloz azpiko kategorian. Finalerako bidea garaipenez osatu zuen; aurreko borroka guztiak irabazi zituen eta zuzenean sailkatu zen finalerako. Erabakigarria izan zen Zarauzko Gracie Barra taldeko kide Jakes Royoren aurka izan zuen azken neurketa, baina puntu bidez galdu egin zuen. Hori bai, Espainiako txapelketan lortutako zilarrezko dominari esker, Europako Jiu-Jitsu Txapelketan parte hartzeko txartela ziurtatuta izango du. 

Grappling borroka-moldean, berriz, seigarren amaitu zuen; final-laurdenetan eten zitzaion ibilbidea, Unai Bueno Tamayo euskaldunaren aurka puntu bidez galduta. Oinatz anaiak azaldu duenez, ez zioten bigarren aukerarik eman. 

Espainiako Jiu-Jitsu txapelketan parte hartu zuen euskal ordezkaritza. Argazkia: Euskal Selekzioa.

 

Anaia nagusia, berriz, 20 urtez azpikoetan, 58 kiloz azpiko kategorian aritu zen. Grappling borroka-moldean final-zortzirenetan kanporatu zuten, eta hamahirugarren sailkatu zen; grappling gi modalitatean, aldiz, final-laurdenetara iritsi zen, eta zazpigarren amaitu zuen. 

Oinatzek aipatu duenez, maila handiko borrokalarien aurka neurtu behar izan zituen indarrak.