"Argi dugu Debako mugimendu euskaltzaleak urrats bat harago joan behar duela. Euskarak mugimendua behar du. Eta gu mugitzera goaz". Hitz horiekin laburbildu du Zuhatzak azken hilabeteotako hausnarketa prozesutik ateratako ondorio nagusia. Prest dauka, hortaz, etorkizunera begira adostutako dinamika berriaren abiapuntua eta horren berri emateko aurkezpen ekitaldia egingo du ostiralean (martxoak 27) 19:00etan, Kultur Elkartean.
Gogorarazi dutenez, elkartearen jarduna sendotzeko bidean, hainbat pauso esanguratsu eman ditu Zuhatzak azken urteotan, hala nola 2016an burututako gogoeta prozesua, 2020an abiatutako bazkide kanpaina nahiz BARRENA komunikabidea sortzeko egindako prozesua. Eta, ekimen horiek guztiek "mugimendua indartzeko eta bere proiektua sendotzeko" balio izan dutelakoan daude zuhatzakideak. Nolanahi ere, beharrezkotzat jo dute gaur egungo egoera aztertu eta etorkizunerako berregituraketa plan bati ekitea eta helburu horrekin ekin zioten, hain justu, 2025eko azaroan, eraberritze prozesuari.
Eider Itxasok azaldu bezala, elkartearen jardunean erronka eta behar ezberdinak identifikatu dituzte. "Ezinbestekoa" ikusi dute, adibidez, Zuhatzaren izaera gaur egungo parte-hartze moldeetara egokitzea: "Elkarte izaera estatiko batetik harago, Zuhatzak Debako euskaltzaleon mugimendu irekia eta dinamikoa behar duelako izan, askotariko jendea bilduz, askotariko jendea aktibatuz". Eta, bide horretan, euskararen erabilera handitzeko estrategia eraginkorragoak bilatzeko helburuz betiere, lantalde eta dinamika parte-hartzaile berriak jarri dituzte martxan azken asteotan, "euskaltzale orok euskararen alde bere ekarpena egiteko aukera eta espazioak izan ditzan".
"Abiapuntua baino ez"
Dinamika horien baitan, abiapuntu bezala, lehentasunezko bi lan ildo zehaztu dituzte: Kolore Anitz (euskararen transmisioa ardatz hartuta, gurasoak, aisialdiko begiraleak eta hezkuntza komunitatea barne hartzen dituen lantaldea) eta Adaxka (gazteen artean euskarazko harremanak sustatu eta euskaraz bizitzeko espazio berriak eraikitzeko helburua duena).
Lan lerro horiek dinamika oso baten abiapuntua baino ez dira, ordea, bestelako proiektu batzuk garatzeko aukera zabalik dagoela nabarmendu baitute mugimenduko kideek.
"Lanketa sakona egin dugu, elkartearen jardun orokorra aztertuz eta abian dauden egitasmoak berrikusiz. Eta, prozesu horren ondorioz, Zuhatzaren dinamika berriaren marko estrategikoaren zirriborroa osatu dugu". Bada, eskuen artean daukaten "zirriborro" horren berri emateko garaia dute orain. Horregatik, aurkezpenera bertaratzeko dei egin diete herritarrei, "aurrerantzean ere elkarrekin pausoak ematen jarrai dezagun".
Irudi berria
Antolaketa eredua, parte-hartze moduak eta lan ildo estrategikoak berrikustearekin batera, nortasun korporatibo berria ere aurkeztu dute. Logotipo berriak zuhatza (belar-meta) baten goiko aldea irudikatzen du, elkartearen izenari eta orain arteko irudiari keinu eginez. Eta lore baten silueta ere gogorarazten du, Kolore Anitzek izan duen irudia gogoraraziz. Mugimenduaren parte diren egitasmoek estilo bereko irudia izango dute.