Debako Eguneko Zentroa egunero irekitzeko sinadura bilketa amaitutzat eman dute

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 26a

1.200 sinadura baino gehiago batu dituzte, eta falta direnak zenbatu ondoren, laster aurkeztuko dituzte Debako Udalera eta Gipuzkoako Foru Aldundira.

Debako Eguneko Zentroa egunero irekitzeko sinadura bilketa amaitu dutela iragarri dute kanpainaren sustatzaileek. Bi aste iraun duen ekimenean 1.200 sinadura baino gehiago batu dituzte, eta jasotako guztia laster aurkeztuko dituzte Debako Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian, gai horren eskumena duten erakundeek eskaria kontuan izan dezaten.

Sustatzaileek adierazi dutenez, “oraindik Mutrikun dauden orriak kontatu beharko ditugu, beraz guztiak zenbatu ondoren bideratuko dugu eskaria”. Era berean, Debako Udaleko hiru alderdiei bidaliko diete informazioa, guztiek gai horren berri izan dezaten.

Sinadurak udaletxe azpiko arkupeetan jaso dituzte, baina baita Aterpe eta Atozte tabernetan, Aittola harategian, Itziarko Burugurrin eta Gure Dendan, Lasturren eta Mutrikun ere.

Aurreikuspenak beteta, pozik daude sustatzaileak: “Ezin sinetsita gaude jendeak zer-nolako erantzuna eman duen”. Gainera, azpimarratu dute eskaera ez dela soilik Eguneko Zentroko erabiltzaileen eskaria bakarrik, baizik eta herritar askorena ere badela.