Kulunkako 62 dantzarik parte hartuko dute barra klasikoaren erakustaldian, bihar

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 27a

Kulunka Dantza Eskolako 8 urtetik gorako 62 dantzarik barra klasikoaren erakustaldia egingo dute bihar (martxoak 28). Ikuskizuna 12:30ean izango da, ibaiaren alboko pasealekuan; eguraldi kaskarra egingo balu, berriz, elizako klaustroan. 25 bat minutu iraungo du.

Alaitz Izaga Kulunka taldeko irakasle eta zuzendariak azaldu duenez, erakustaldia urteroko hitzordu bihurtu da dagoeneko Deban. Izan ere, Dantzaren Nazioarteko Eguna apirilaren 29an bada ere, herriko dantzariek biharko emanaldiarekin ospatu ohi dute efemeridea. Kulunka sortu zenetik, urtero egin dute hitzordua. Aurtengoa hamalaugarren aldia izango da. 

Eskolan ikasturtean egiten duten lanaren lagin bat aurkeztuko dute bertan. "Balleteko eguneroko eskoletan egiten edo lantzen dugun lehenengo zatia da barra klasikoa, eta bertan, teknika lantzeko ariketak egiten ditugu. Aurten, bederatzi ariketa izango dira guztira, bata bestearen atzetik: beroketa, plié tendu, jete, rond de jambe, frappé, grand battement, luzaketak eta agurra", zehaztu du. Ariketa bakoitza bi aldeetara egiten dute; eskuinera eta ezkerrera, "gorputzaren teknika guztiz lantzeko". 

Emanaldia ez ezik, hura iragartzeko kartela ere aurkeztu dute. Miren Azkarate dantzaria du protagonista eta argazkia Igor Barojarena da.