Kalean Kantuzen eta Eingoren erromeria ibiltaria, hirugarrenez

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko martxoaren 27a

Bizkaiko Eingo taldeak eta Debako Kalean Kantuzek erromeria ibiltaria egingo dute etzi (martxoak 29). Foruen plazan jarri dute lehen hitzordua, 12:30ean, eta, handik abiatuta, kalez kale ariko dira ondoren, herria musikaz eta dantzaz girotzen, 14:30era bitartean.

Kalean Kantuzeko kideek azaldu dutenez, bi taldeak erromerian elkarrekin ariko diren hirugarren urtea izango da. "Lehendik ere bagenuen Eingo taldearen berri, eta hartu-emanean jartzea erabaki genuen. Eta, egia esan, oso gustura ibili ginen denok Deban izan ziren lehen aldian; harrezkero, urtero etortzen dira".

Bada, aurreko urteetako ildo beretik, herria dantzan eta kantuan jartzeko helburuarekin prestatu dute igandeko saioa ere. Euskal Herriko kantu herrikoiak izango dira nagusi kantutegian, eta herritarrei erromerian parte hartzeko dei egin diete.