Ibilbide berria izango du etzi jokatuko den 34. Amaikak Bat txirrindulari probak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko martxoaren 27a

Lehen eta bigarren urteko kadete mailako 34. Amaikak Bat txirrindularitza proba jokatuko da etzi (martxoak 29), Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak Amaikak Bateko Txirrindularitza Elkartearen laguntzarekin antolatuta. Lasterketak ibilgailuen zirkulazioari eragingo dio hirigunean eta hainbat garajeetarako sarbideetan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, hitzorduak berrikuntza nabarmenak dakartza: batetik, ibilbidea berritu egin dute, "zerbait berria probatzearren", eta, bestetik, eguna ere aldatu dute; orain arte larunbatez jokatu izan den lasterketa igandera pasa dute. 

Txirrindulariek 43 kilometro osatu beharko dituzte, iaz baino bederatzi gutxiago. 150 parte-hartzailetik gora espero dira, eta lasterketa eskualdeko errepideetan barrena ibiliko da. Hasierako zatian, Elgoibarrerako joan-etorria egingo dute; ondoren, Errotazarreko biribilgunetik Mutriku aldera joko dute, eta, Galdona igo eta jaitsi ondoren, Saturraran paretik Debara itzuliko dira. 

Tropela 10:40an abiatuko da, Foruen plazatik, eta irteera neutralizatua izango du, Lorea tabernaren pareraino. Helmuga Hondartza kalean egongo da, eta, aurreikuspenen arabera, lehen sailkatua 12:00ak baino lehen iritsiko da: erritmoa aurreikusitakoa bada, 11:51 alderako espero dute. Sari banaketa Foruen plazan egingo dute, 12:30etik 13:00etara bitartean; euria eginez gero, udaletxe azpiko arkupeetan egingo da. 

Zirkulazio etenak

Proba dela eta, zirkulazioan eragin puntualak egongo direla ohartarazi du Debako Udalak; bereziki irteera eta helmuga inguruan izango dute eragina etenek. Zehaztu dutenez, 10:45etik 12:05era bitartean ezingo da sartu ezta irten ere Hondartza kaleko garajeetatik. "Antolakuntzakoak bertan egongo dira", adierazi dute. 

Halaber, Hondartza kalean, helmugan inguruan, aparkatuta dauden ibilgailuak kenduta egon beharko dira, helmuga bertan ezarriko delako. Gainera, lasterketa gunea libre egon arte ezingo dira Foruen plazako terrazak jarri. "Probaren aurretik eta ondoren, antolakuntzako ibilgailuak oinezkoen gunean egongo dira", gehitu dute.