Beñat Iturbek 'Ordubete' ikuskizuna aurkeztuko du Kultur Elkartean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 1a

Lander Gonzalez / Argia CC BY-SA

Ostiralean (apirilak 3) egingo du umorezko bakarrizketa saioa, 20:30ean. Emanaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, Internet bidez, esteka honetan.

Aurrez ere izana da Kultur Elkartean, baina oraingoan bakarrik ariko da Beñat Iturbe (Iruñea, 1993) agertokian, bere estreinako show-a aurkezten. Izenburuak iradoki bezala, ordubeteko umorezko saioa egingo du ostiralean, 20:30ean. Gaztelaniaz ere taularatu izan du ikuskizun hori, baina euskaraz jardungo du Debako hitzorduan.

Antolatzaileek azaldu bezala, Iturbek "hitzez, soinuz, keinuz eta isilunez" beteko du ordubetea. "Edukiz gainezka egongo diren 60 minutu horietan bere burua aurkeztuko du, hainbat ideia garatuko ditu eta, ausartzekotan, bere sekretu ilunenetako bat kontatuko du", aurreratu dute. 

Ikuskizunerako sarrerak aurrez eros daitezke, Internet bidez, edo egunean bertan, aurrez aurre (Kultur Elkarteko sarreran), 5 euroren truke.