Gipuzkoako beste hainbat herritan egingo den bezala, Deban ere Realak eta Atletico Madril taldeek etzi (apirilak 18) Sevillako La Cartuja zelaian jokatuko duten Errege Kopako finala pantaila handian ikusteko aukera izango dute zaleek. Udalak jakinarazi duenez, Aldats pilotalekuan jarriko duten pantaila erraldoiaren bidez jarraitu ahal izango da bi taldeen arteko norgehiagoka. 21:00etan hasiko da neurketa, hortaz, Sevillara joaterik izan ez duten zale txuri-urdinek partida zuzenean eta elkarrekin bizitzeko aukera izango dute bertan.
Udalak, zehazki, Alazne Txurruka alkatea Realeko bufanda soinean agertzen den bideo bat zabaldu du sare sozialen bidez. Bertan nabarmendu duenez, "guztiok elkarrekin festa bizi dezagun eta gure taldea animatzeko" jarriko dute pantaila Aldats pilotalekuan. Bide batez, tokiko agintariak talde txuri-urdinari babesa erakutsi dio: "Deba eta debarrak Realarekin. Aupa Reala, gora Reala!".
Nolanahi ere, egun seinalatua izango da etzikoa zale txuri-urdinentzat, eta alkateak bideoan aurreratu duenez, Udalak bestelako ekintzak batzuk ere prestatu ditu, taldeari babesa adierazi eta momentua elkarrekin bizitzeko. Datozen orduetan emango dute prestatu duten egitarau berezi horren berri.