Zaletasuna ume-umetatik datorkio. "Reala betidanik izan da nire taldea", dio, zalantzarik gabe. Eta futbola ere betidanik bizi izan duela erantsi du: "Futbola betidanik izan dut gustuko. Debako Amaikak Baten jokatu nuen, nahiz eta abila ez izan", dio, irribarre artean. Gaineratu duenez, Reala "pasioa" da harentzat.
Haren ibilbideak ere argi erakusten du Realarekiko duen harremana ez dela berria. 1994an egin zen klubeko bazkide, eta Australiara joan arte mantendu zuen bazkide-txartela; 2012a arte, hain zuzen. Harrezkero ere taldearekiko lotura ez du galdu. Partida asko irratiz entzuten ditu oraindik ere, eta egunerokoan presente dauka. Gipuzkoar askoren moduan, Realarekiko atxikimendua beste zerbait da harentzat, identitate kontu bat ia: "Gipuzkoar gehienok bezala, gure taldea hori dela sentitu izan dut beti. Kolore txuri-urdina baino ederragorik ez dago munduan, ezta Australian ere", dio, harro. Eta beste taldeekin alderatuz gero argi dauka Reala zerk egiten duen berezi. "Klub umila izan da beti, harrobia asko lantzen eta zaintzen duena", azaldu du. Haren iritziz, horrek egiten du taldea "bakar eta berezi".
Urteetan zehar momentu gogoangarri asko bizi izan ditu taldearekin. Besteren artean, taldeak Atotxan jokatzen zueneko garaiak ditu gogoan: "Txikitan bertara joandakoa naiz". Nagusiago zela, beste hainbat bidaia ere egin zituen haren gustuko taldea ikusteko: 2002-2003ko denboraldian, esaterako, Vigora joan zen, taldea Celtaren aurkako partidan animatzera. "Reala Bigarren Mailan egon zen urteetan ere bidaia batzuk egin genituen: Huescara, Salamancara, Soriara, Gijonera…".
Azkenekoz 2023an ikusi zuen Reala zuzenean, eta, aitortu duenez, orduan ezagutu zuen Anoeta berrituta –Reale Arena– lehenengo aldiz. Bihar, Sevillan, haren bihotzeko taldea ikusteko beste aukera bat izango du, eta aitortu du "oraindik ere sinetsi ezinda" dabilela Errege Kopako final berezia ikusteko aukera izango duelako. Milaka kilometro egingo ditu neurketa bertatik bertara bizitzeko. 15.000 kilometro pasako bidaia izango da, horrek dakartzan eskalekin eta ordutegi aldaketekin. "Melbournetik atera eta Shanghain (Txina) geldialdia egin ondoren, handik Madrilera joango naiz hegazkinez. Ondoren, trena hartu eta Sevillara abiatuko naiz".
Bidaia luzea izango bada ere, ez du zalantzarik izan bertan izan behar zuela. "Realak, zoritxarrez, ez du urtero Errege Kopako titulu bat irabazteko aukera izaten. Final hau, agian, bizitzan behin izango dudan aukera dela iruditzen zait, eta, horregatik, ahal izan dudan guztia egin dut bertan izateko", dio, emozioz beteta. Duela sei bat aste hasi zen guztia prestatzen, nahiz eta hasiera batean sarrerarik eskura ez izan. "Nire emaztearekin hitz egin ondoren, hark animatu ninduen bidaia egitera, halako gertaera bat behin biziko dudala esanez", dio, eskertuta. Kontu erraza izan ez bada ere, azkenean lortu du sarrera ere: "Pertsona asko kontaktatu eta endredatu ditut, baina, zorionez, lortu dut sarrera bat. Eskerrik asko, osaba Inaxio!".
Biharko partidari begira, baikor dago: "Partida zaila izango da, baina irabazteko aukera handiak ikusten ditut". Eta emaitzari dagokionez, badu iragarpena: "2-2 eta penaltietan Realak irabazi! Irabaziz gero, Cartujan ospatuko dut lagunekin, zaleekin eta taldearekin". Sevillan giro ederra espero du, nahiz eta kezka txiki bat ere baduen: "Giro bikaina espero dut, nahiz eta Atletico Madrilgo ultrek egin dezaketenarekin pixka bat kezkatuta egon, baina espero dut dena ondo joatea".
Amaitzeko, animo-mezuak bidali nahi izan dizkie finala jokatzera abiatuko diren jokalariei. "Beharbada, ez naiz ni pertsona egokiena jokalariei mezua bidaltzeko, baina ziur nago jakingo dutela dagoeneko Gipuzkoa osoko, Euskal Herri osoko eta mundu osoko txuri-urdinak –baita Australiakoak ere– animatzen izango gaituztela. GUazen Reala!".