Guazen Reala!

Aiora Berasaluze (Deba): "Bi final dauzkagu ospatzeko: bata irabazita eta bestea jokatzeko, baina irabazteko gogoarekin"

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 17a

Aiora Berasaluze eta Aitor ama-semeek Debako Errealaren Lagunek antolatutako autobusean egingo dute joan-etorria. PROTAGONISTEK LAGATAKO IRUDIA

Debako Errealaren Lagunek Sevillara antolatu duten autobusean egingo dute joan-etorria Aiora Berasaluze eta Aitor ama-semeek, familiako beste hainbat kiderekin eta lagunekin batera.

Ordu askoko bidaia izango da: gaur gauean irten, bihar goizean Sevillara iritsi, eguna bertan pasa eta gauean, partida amaitu eta ordu eta erdira, itzulerako autobusa hartzea da plana. Gustuko tokian aldaparik ez, ordea. Bidaia berezia izango da, eta ilusioz doaz taldea babestera, sarrerekin. "Realeko bazkide naiz duela 25 urte baino gehiagotik, eta haurra, berriz, jaio zenetik. Errealaren Lagunak taldeko kide ere bagara, eta beti joaten gara Anoetara partidak ikustera. Oso pozik goaz Sevillara, disfrutatzera, hau ez da-eta urtero gertatzen den zerbait", zehaztu du. Gainera, ospakizun bikoitza izango dela kontatu du. 2021ean ezin izan zuten azkeneko Kopa ospatu, pandemiagatik, eta arantza hori kentzeko gogoz daude orain. "Bi final dauzkagu ospatzeko: bat irabazita eta bestea jokatzeko, baina irabazteko gogoarekin. Biak ospatuko ditugu bertan".