Guazen Reala!

Realzale debarrak, pozarren garaipenarekin

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 20a

Egun handia izan zen larunbatekoa Realarentzat eta realzaleentzat, eta oraindik ere garaipena ospatzen dabiltza guztiak. Giro onean ibili ziren milaka lagun Sevillan, eta debarrek handik bidalitako argazkiak biltzen jarraitzen du BARRENAk.

Kopa Euskal Herrian da jada eta gaur arratsaldean, hilak 20, egingo zaio harrera handia Realari Donostian, Errege Kopako finalean lortutako garaipena merezi bezala ospatzeko. Ibilbidea 18:00ak aldera abiatuko da Anoetatik. Hiriko erdigunea zeharkatuko dute, Donostiako udaletxean eta Alderdi Eder inguruko lorategietan 19:00ak aldera amaitu arte.

Horiek horrela, Debako realzale ugari Donostian izango dira gaur arratsaldean. Sevillatik udalerrira iritsi berri dira horietako batzuk, baina nekea ez da oztopo izango hiriburura jotzeko eta ospakizun handian ere parte hartzeko. Askok autoz egingo dute bidaia, eta garraio publikoa baliatuko dute gainontzekoek. 

Euskotrenek trenen zerbitzua indartuko duela iragarri du, baina aldaketak E2 linean (Lasarte Oria – Hendaia) eta E1 linearen Zumaia – Donostia tartean (Donostia-Bilbo) bakarrik izango dira. Ordutegiak hemen kontsulta daitezke.