Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) kontzertua emango du gaur, ostiralez, Debako Kultur Elkartean, 20:00etan hasita. KulturEkin programaren baitan egingo du emanaldia, eta sarrerak 6 euroan eskuratu daitezke, bai aurrez, Internet bidez –esteka honetan–, bai zuzenean, aretoan bertan.
Willis Drummond taldeko abeslariak eta gitarristak rock taldearen "etenaldi mugagabea" baliatu du Argitzala lana prestatzeko. Abuztuan ikusi zuen argia estudioko haren bakarkako hirugarren diskoak, eta, harrezkero, musikariak aurkezpen-bira egiten dihardu Euskal Herrian barna. Berriki Zestoan eta Artean egon ostean, Debakoa izango du apirileko azken zuzenekoa; beste zazpi kontzertu iragarri ditu, nolanahi ere, ekainaren 21era bitartean. Bakarrik ariko da agertokian.
Emozioak ardatz
Hamaika abestiz osatutako diskoa da Argitzala, Ekizak bere kabuz ekoitzia: musika tresnak jo ditu, ahotsak grabatu, nahasketa egin eta masterizazioa landu. Kanten hitzetan natura oso presente dago eta emozioak dira ardatz nagusia. Lanaren izenburuak berak laburbiltzen du diskoaren mamia; musikari lapurtarrak argiaren eta itzalaren arteko oreka bilatzen du, biak uztartzen ditu, ez baititu elkarren aurkako elementutzat jotzen. "Esaten dugu argia dela baikorra eta itzala ezkorra, baina ez da beti horrela. Non hasten da bata eta non bestea? Ideia ona iruditu zitzaidan argia eta itzala hitzak hartzea, normalean mutur banatan daudenak, eta biak hitz bakar batean elkartzea", laburbildu du Ekizak.
Maiatzean, antzerkia
Gaurko kontzertua ez ezik, maiatzean KulturEkin programaren baitan egingo den hurrengo ekitaldia ere iragarri dute egunotan: Ugaitz Alegriak eta Ainhoa Etxebarriak Tongola umorezko ikuskizuna taularatuko dute hilaren 22an, 20:00etan. Sarrerak 5 euroan daude salgai, esteka honetan.