Tokiko zientzialarien jakintza eta jarduna, lehen lerrora, hirugarren urtez jarraian

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 29a

Maiatzaren 7tik 21era bitartean, Baso Bete Zientzia topaketak egingo dira Deban.

Baso Bete Zientzia jardunaldiak egingo dituzte maiatzaren 7tik 21era Deban, Kultur Elkartean, tokiko zientzialarien lana lehen lerrora ekarrita. Publiko orokorrari zuzendutako sei hitzaldi labur antolatu dituzte, hiru egunetan banatuta, eta pintxo-potea eskainiko dute guztietan.

Hasierako helburuei eusten die Debako Kultur Elkartearen ekimenez antolatutako solasaldi zikloak. Izan ere, zientzia herritarrena ere bada, baina batzuetan kosta egiten da ikusaraztea ez dagoela gizartetik bereizita. Eta gakoa dibulgazioan dagoela uste dute Baso Bete Zientzia egitasmoaren arduradunek. Helburu horrekin antolatu dituzte aurten ere jardunaldiak, "zientzia kultura orokorraren parte dela erakusteko beharrezkoak" direla iritzita.

Herritarrek zientzia munduan egiten duten lana ezagutarazteko eta Debabarrenean ere zientziarekiko interesa pizteko asmotan prestatu dute egitaraua. Hitzordu bakoitzean, zientzialariak izango dira protagonista eta ezagun duten lan edo ikasketa arloarekin lotutako kontuez ariko dira, euskaraz. Zabala da adituek hizpide izango dituzten gaien zerrenda: homeopatia, digitalizazioa eta adimen artifiziala mantentze-lanetan, robotika, entzumena, kriptogafria, immunologia…

Antolatzaileek azaldu dute solasaldi laburrak izango direla, hogei bat minutukoak. Egun bakoitzean bi hizlari izango dira eta, hitzaldi bakoitzaren ondoren, galderak egiteko eta eztabaidarako tartea eskainiko dute. Saioen artean pintxo-potea izango da aukeran, "giroa erlaxatzeko". Nolanahi ere, solasaldiak "entretenigarriak eta denok ulertzeko modukoak" izango direla nabarmendu dute. Eta, hortaz, herritar guztiei saioetara bertaratzeko deia egin diete. 

Sei hitzaldi, hiru ostegunetan

Ibon Aranberri (Eibar, 1974) Kimikan doktorearen eta Egoitz Konde (Deba, 1979) ingeniari industrialaren hitzaldiekin abiatuko da egitaraua, maiatzaren 7an, 19:00etan; Homeopatia: molekularik gabeko sendagaia begi kritikoan. Kimikaren eta zientziaren ikuspegitik funtzionatu al dezake? izenburupean ariko da lehenengoa eta Kondek, aldiz, Digitalizazioa eta adimen artifiziala mantentze-lanetan. Bonbilla bat aldatzetik turbina eolikoen mantentze-lanak noiz egin behar diren jakiteko pausoak gaiari helduko dio agertokian.

Astebete beranduago, hilaren 14an, Eneko Ugalde (Deba, 1971) eta Ane Arrizabalaga (Deba, 2000) izango dira gonbidatuak. Ugalde Ingeniari elektronikoa da eta robotikaz mintzoko da Kultur Elkartean: Robotak eta gizakia: oraina eta etorkizuna. Nola isladatzen da gure eguneroko bizitzan? goiburupean. Ikerketa biomedikoan doktoregaia den Arrizabalagaren kasuan, ostera, entzumena izango da solasaldiaren ardatz: Entzun bai, baina nola? Entzumenaren sekretuak laborategiko begiradatik.

Oso bestelakoak dira Baso Bete Zientziaren azken hitzorduko protagonistek landuko dituzten gaiak. 19:00etatik aurrera, Maialen Beristain (Deba, 2000) Matematikan doktoregaiak Kriptografia. Sekretuen zientzia izenburuko hitzaldia emango du. Eta, haren ostean, Immunologian doktoregaia den Teresa Aceñak (Deba, 2001) hartuko du hitza bertaratutakoen aurrean, Gure barneko detektibeak. Sistema immunologikoa ezagutzen berbaldia eskaintzeko.