Ane Itziar Bastida Lizaso (Deba, 1977) Japonian izan da apirilean, Hideane eta bere lagunak (Denonartean) aurkezten, eta "oso-oso gustura" etorri da han bizitako esperientziarekin. "Zortzi eguneko bidaia izan da eta harrera bikaina egin digute", aipatu du.
2023an ikusi zuen argia Nadia Beltran de Lubianoren irudiekin osatutako album ilustratuak, eta, euskaraz, gaztelaniaz eta katalanez ez ezik, japonieraz ere irakur daiteke gaur egun. Apuleyo argitaletxeak kaleratu zuen, hain zuzen, haurrei zuzendutako istorioaren japonierazko bertsioa, Hide Dohinok, Naoki Adachik eta Ryotaro Yamajik egindako itzulpenarekin.
Urtarrilean, japonierazko itzulpena plazaratu berritan, idazleak "ipuin kontaketak euskaraz eta japonieraz egitea amesten" zuela aitortu zuen. Eta horretan murgilduta ibili dira, batik bat Euskal Herrian, hainbat saio eginez. Japonian biribildu dute, baina, erronka. "Bi aurkezpen ofizial egin ditugu: bata, Tokioko Cervantes Institutuan, gazteleraz, euskaraz eta japonieraz; bestea, San Inazio elizako lokal batean, euskaraz eta japonieraz. Oso polita izan da. Cervantes Institutuan gazteleraz eta japonieraz aritzea aurreikusten genuen, baina euskara ere sartu genuen, azkenean. Sorpresa izan zen ikasleentzat, euskal kultura eta euskara, beste hizkuntza bat, genuela jakitea", adierazi du.
Literatur saria Deban
Bestalde, Ane Bastidak aitortza jaso du aurten Deba 100 hitzetan lehiaketan: saritu gabeko tokiko lan onenari eskainitako saria lortu du, Tarin-Tarin idazlanarekin.