Ispilu(h)ari programaren baitan, bi ekitaldi antolatu ditu Debako Udalak astebururako: gazteei eta helduei zuzendutako musika kontzertua, batetik, eta 5 urtetik gorakoei zuzendutako txotxongilo-ikuskizuna, bestetik. Ispiluen gelan egingo dira, bihar (maiatzak 9) eta etzi (maiatzak 10), hurrenez hurren, doan.
Maider Cigarroa musikari lapurtarra izango da biharko, hilaren 9ko, gonbidatua; 18:00etan hasiko da emanaldia. Aurrez Haizean, Hiru Soinu eta Gurashow taldeetan aritu ondoren, bakarkako proiektuan murgilduta dabil Maider izen artistikoarekin ezaguna den abeslaria. Ahots eta estilo pertsonala garatzen dihardu, emozioa eta intimitatea estetika garbi batekin uztartuz, eta pop melodiek ardazten dute, nagusiki, haren musika. 2024an plazaratu zuen bakarkako lehen lana, Biran den lasaia, eta 2025eko abenduan ikusi zuen argia bigarren diskoak, Argazkian irria izenburupean. Bertan, emakumeen transmisioarekin lotutako gai sakonak jorratzen ditu, belaunaldien arteko konexioa eta bizipenak gordetzeko beharra azpimarratuta.
Mariasun Landaren ipuina oinarri
Igandean, 17:30ean, Pantzart Antzerkiak eta Bihar Txotxongilo Taldeak ekoiztutako Txan fantasma aurkeztuko dute. Ikuskizuna Mariasun Landaren ipuinean oinarrituta dago eta Ainhoa Pineda eta Santiago Ortega dira antzezleak.
Sinopsiak hauxe dio: "Karmentxu umezurtza da, eta izeba Edurnerekin bizi da. Logelan, bakarrik, irudimenezko unibertso bat sortzen du jostailuekin. Egun batean, Txan fantasma agertzen da eta haren bizitza guztiz aldatzen da. Elkarrekin jolasean, berriketan, barrez, primeran pasatzen dute. Etxekoek, ordea, ez dute fantasma ikusten; neskatoa burutik gaizki dagoela uste dute. Orduan, Karmentxuk eta Txanek bidaia bat egiten dute, jaietan dagoen herri batera iritsi arte".