Maiatzaren 16an, Debarren Egunaren bezperan, aire zabaleko XXXIII. Haur Margo Lehiaketa egingo da Deban, Haitz-Haundi elkartearen, Debako Udalaren eta Kultur Elkartearen ekimenez. Sariketa udalerrian bizi diren edo bertako ikastetxeren batean ikasten duten 16 urte arteko haurrei eta gazteei zuzenduta dago.
09:30ean hasiko da lehiaketa. Parte hartzaileei udaletxe azpian emango dizkiete margolanak egiteko beharrezkoak izango dituzten laminak eta leku berean aurkeztu beharko dituzte lanak gehienez ere hiru orduko epean (12:30era arte). Sari banaketa 17:00etan egingo dute, Kultur Elkarteko areto nagusian.
Lehiaketa lau kategoriatan banatuko dute, adinaren arabera: 1-5 urte bitartekoak (sari berezia), 6-9 urte bitartekoak, 10-12 urte bitartekoak eta 13-16 urte bitartekoak. Partaideek aire zabalean egin beharko dituzte lanak. Gogorarazi dutenez, "ezinbestekoa izango da antolakuntzak egun berean banatuko dituen laminak erabiltzea, eta aurkeztutako lan guztiak epaimahaiak baloratuko ditu".